Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegiko proiektua gelditzeko hainbat ekimen iragarri dituzte

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2021ko api. 15a, 10:00

Apirilaren 16an Lekarozko plazan elkartuko dira 15:30ean Aroztegiko eremuan kanpaldia egiteko. Hurrengo egunean, larunbat honetan, herriko plazan elkarretaratzea eginen dute 17:00etan. Maiatzaren 15ean 17:30ean manifestazioa eginen dute Elizondoko plazatik abiatuta. Herritar guztiak ekimen hauetan parte hartzera animatu dituzte.

Atzo arratsaldean Lekarozko plazan emandako prentsaurrekoan, 'Aroztegia geldituko dugu' ekimenaren parte-hartzaileek hurrengo egunetarako mobilizazioak azaldu zituzten. Gainera, Nafarroako Gobernuak Aroztegiko proiekturen inguruan Baztango Udalari «erabakitzeko eskumena ebatsi izana» salatu zuten, eta bizi dugun krisi sozio-ekonomikoa gelditu beharrean, areagotzea leporatu zioten.

EHNE-Nafarroak ekimenarekin bat egin du

EHNE-Nafarroa (Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna) sindikatua ere «Baztango Lekaroz herriko lurretan egin nahi den hirigintza-proiektu espekulatzailearen aurka» agertu da. Era berean, epaitegiak duela gutxi hartutako erabakiaren ondorioz, «legez kanpokoak diren obrak hastea eragozteko Baztango herritarrak egiten ari diren borrokarekin bat egiten dugu». Foru Gobernuari lan hauek berehala gelditzea eskatu diote, eta «Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak 2019ko uztailaren 23an esleipen prozedurarekin jarraitzea ezinezkotzat jo zuela» gogorarazi dute.

Proiektua aitzinera eramateak «eskualdeko sektore garrantzitsuenetako bat den nekazaritzarako lursailen galera handia» dakarrela gehitu dute, Baztan «hirigintza espekulaziorako eremu» bihurtuz. Landa-garapen orekatuaren, ingurumenaren, kulturaren zein hizkuntzaren errespetuaren kontrakotzat jotzen duten «esku-hartzea» salatu dute. Herritarren borondatea kontuan hartu ez dela azpimarratu dute eta argi utzi nahi izan dute: «bistakoa da hau ez dela eskualdearen eta Nafarroaren onura kolektiborako bultzaturiko ekimen bat, baizik eta azkar aberastu nahi duten pertsona gutxi batzuen interes espekulatiboei soilik erantzuten duen ekimena».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun