Baztango aferen berri izan zuten Nafarroako Gobernuko ordezkariek martxoaren 30eko bilkuran

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 31a, 13:00
Joseba Otondo eta eskualdeko bertze zenbait alkate asteartean Bertizen Maria Txibite presidentearekin eta Nafarroako Gobernuko bertze ordezkariekin.

Aroztegiaren eta Erdizen kasuan Baztango erakundeen ahalmena errespetatzea eskatu zuen Joseba Otondo alkateak

Nafarroako Gobernuko ordezkariekin martxoaren 30ean egindako bilkuran Baztango alkateak zenbait gairen berri eman zien. Tartean, Aroztegiari eta Erdizi buruz aritu zitzaien Joseba Otondo, baita zahar etxearen erreformaz, Aritzakun eta Urritzateko bideen egoeraz eta Tokiko finantziazio sistemaz ere.

Aritzakun eta Urritzateko bideen egoera

Aritzakungo eta Urritzateko bideen egoerari buruz mintzatu zitzaien, auzo horietarat joateko 21 kilometro bide dira, zabor legarrezkoak. Gaur egun bideak dira oinarrizko zerbitzu publikoak eskuratu ahal izateko azpiegiturak. Aritzakungo kasuan osasungintzako langileak harat joan behar izaten dutelarik suhiltzaileen jeepetan joan behar izaten dute; artzainen esnea Intzulegiko leporat atera behar izaten dute, esne-bilketaria ez delako jaisten. Alkateak Txibite lehendakariari eta Zirizari, Lurralde-kohesioko kontseilariari Aritzakun bisitatzeko gonbidapena egin zien, bidea nola dagoen ikusteko. Zirizak baiezkoa eman zuen.

Tokiko finantziazio sistema

Bertzalde, tokiko finantziazio sistemaz aritu zen Baztango alkatea, bereziki Baztango egoera aipatuz. Gobernuko arduradunei erran zien, oraingo finantziazio sistemak ez duela Baztanek duen lurralde zabaltasuna kontuan hartzen; hortaz, lurraldearen handitasuna kontuan hartzen duen finantziazio sistema eskatu zuen. Aldi berean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tokiko finantziazio sistema Nafarroan ezartzea eskatu zuen, herrialde horietan foru aldundien diru-sarreren portzentaje handiagoa ematen baitute udalendako, horrela udalen autonomia indartuz.

Aroztegia eta Erdiz

Aroztegia eta Erdizi buruz ere mintzatu zen. Aroztegian gobernuak izan duen ardura salatu zuen, Udalez Gaindikoa den Plan Sektorial bezala tramitatu zelako, Baztango erakundeen ahalmena errespetatu gabe. Erdizeko kasuan Baztango erakundeen ahalmena errespetatzeko eskatu zuen, herri-lurra direlako. Baztandarren erabakia errespetatzeko galde egin zuen, eta gaia parte hartzean eta demokrazian sakonduz bideratzeko, ez udalez gaindikoa den plan sektorialen bidez edo inposizioaren bidez.

Zahar etxearen zaharberritzea

Modu berean, zahar etxearen zaharberritze buruz, zahar etxea berritzeko proiektuaren idazketa aurten eginen dela erran zien, eta horren arabera lanak ondotik hasi beharko liratekeela. Egindako memoriaren arabera berritzea 7 milioi euro ingurukoa izaten ahal dela jakinarazi zien eta horretarako gobernuaren inplikazioa eskatu zuen.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun