N-121-A errepideko lanak eta Oronozko LH zentro berria, Nafarroako Gobernuak Baztan-Bidasoan dituen lehentasun nagusiak

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 30a, 15:00

Txibite presidenteak azpiegitura horiek zonaldeko lurralde eta gizarte kohesiorako duten garrantzia azpimarratu du udal ordezkariekin izandako topaketan

Maria Txibite Nafarroako presidenteak Oronozko Lanbide Heziketako zentro berria eraikitzea eta N-121-A errepidea 2+1 bide bihurtzeko lanak nabarmendu ditu Nafarroako Gobernuak Baztan-Bidasoa bailaran dituen lehentasun nagusitzat. Zehazki, errepide horretako laugarren zatiko lanek, Oronoz eta Sunbilla artean, 19,7 milioi euroko gastua izanen dute, eta aurreikusia zegoen data baino lehenago hasiko dituzte, udazkenean.

Txibitek Bertizko Jauregian egin ditu adierazpenak eskualdeko hogei bat alkaterekin, Bernardo Ciriza Lurralde Kohesioko kontseilariarekin eta Elma Saiz Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariarekin eta Itziar Gomez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariarekin izan duen hitzorduan. Bortzirietako eta Malerrekako mankomunitateetako, Cederna Garalurreko, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko, Baztan-Bidasoa Turismoa eta Bera, Doneztebe eta Baztango merkataritza eta zerbitzu elkarteetako kideak izan dira bileran.

Hitzordua baliagarria izan da Nafarroako Gobernuak Baztan-Bidasoan eginen dituen inbertsio eta ekimenen berri emateko. Inbertsio eta ekimen horiek Nafarroako Aurrekontu Orokorretan eta Nafarroa Suspertu Planean jasota daude. Ahalegin ekonomiko handienak bi alor nagusitan biltzen dira, eskualdearen lurralde- eta gizarte-kohesiorako: bide-azpiegituretan eta hezkuntzan.

N-121-A errepidean Oronoz eta Sunbilla arteko tartea

Izan ere, N-121-A errepidea 2+1 bide bihurtzea da gobernuak azpiegiturei dagokienez aurreikusitako jarduera nagusietako bat. Ezkaba eta Olabe arteko lanak otsailean hasi zituzten, eta guztira 30 milioi euro ordainduko dituzte aurten. Apiril bukaerarako Olabe eta Lantz arteko bigarren zatiko lanak hastea aurreikusi dute. Gero, udazkenean, Oronoz eta Sunbilla arteko lau zatiko lanak hasiko lituzkete, 11,5 kilometrokoak eta 19,7 milioi euroko inbertsioarekin. Bi biribilgune eginen dituzte, bata Oronozen sartzeko eta bertzea Doneztebeko zerbitzuen eremuan. Bertze lotura bat ere eginen dute Sunbillan.

Almandoz eta Belateko tunelak

N-121-A errepidearen erreformaz gain, Belate eta Almandozko tuneletan esku-hartzea ere Nafarroako Gobernuaren lehentasunetako bat omen da. Alde batetik, 1,4 milioi euro erabiliko ditu aireztatze-sistemak berritzeko. Bertzetik, tunelak bikoizteko proiektua prestatzen ari omen dira, zirkulazioaren noranzko bakoitzerako tunel bat sortuz, segurtasunari buruzko Europako Zuzentaraua betetzeko. Lanek ehun milioi euro inguru gastua izanen dute eta 2021. urtean milioi bat euro erabiliko dira proiektua idazteko.

Bide-azpiegituretan egin beharreko gainerako inbertsioetarako, Irurita-Elizondoko saihesbidearen eta Elizondoko Foruzaingoko polizia-etxearen arteko lotura egiteko 350.000 euroko inbertsioa eginen du gobernuak, eta Lesaka eta Bidasoako Bide Berdea lotzeko bizikleta-bidea ere sortuko da. Horretarako, 340.000 euroko inbertsioa eginen du.

Oronozko errepideen kontserbazio zentroak 3,37 milioi euroko aurrekontua du aurten errepideak mantendu eta kontserbatzeko eta neguko bide plana egiteko.

LH zentro berria Oronozen

Hezkuntzaren arloan, gobernuak eskualdean Lanbide Heziketaren alde egin duen apustua ere azpimarratu du Txibite presidenteak, eta Oronozen ikastetxe berri bat sortuko dutela oroitarazi du. «Lurraldea egituratzeko zentro bat da, inguruko ikasleei erabat zuzendua eta enplegagarritasunera eta etorkizunera bideratua», azaldu du.

Alde horretatik, Nafarroako Azpiegituren Plan Zuzentzaileko proiektu garrantzitsuena da, eta gaur egun Elizondo, Lekarozko eta Berako Toki Ona BHIetan ematen den Baztan eta Bortzirietako Lanbide Heziketako hezkuntza-eskaintzaren zati handi bat hartuko du. «Baina ez da eskaintza horien batura soilik izanen, ziklo batzuk modernizatzeko eta eskaintza hobetuko duten azterlanak eguneratzeko aukera emanen baitu», gaineratu du, eta tartean diren eragileekin «elkarrizketa eta adostasuna» nabarmendu ditu.

Proiektua aurten lizitatuko dute, hurrengo ekitaldian obrak hasi eta 2023-2024 ikasturtean klaseak hasi ahal izateko. Hala ere, ikastetxearen diseinua oraindik ez dago itxita, azkenean hartzen duen hezkuntza-eskaintzaren araberakoa izanen baita. «Hartuko dituen irakaskuntzek eskatzen dituzten metodologietara erabat egokitutako ikastetxea planteatuko da; oraindik lantzen ari den eskaintza», presidenteak adierazi duenez.

Ikastetxe hau abian jarri bitartean, datorren ikasturtean, Berako Toki Ona BHIk LH Bereziko beste ziklo bat izanen du, euskaraz balio anitzeko laguntzaile izateko. Gainera, Elizondo LHIk ekintzailetza-gela berrietako bat hartuko du aurten.

Sutearen ondotik basoberritze lanak

Beran eta Lesakan 769,3 hektareari eragin zion otsaileko baso-sutearen ondotik, Nafarroako Gobernuak gaur jakinarazi du basoberritze-lanak eta bertze oihan-lan batzuk hasi dituztela Beran. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak ordainduko ditu lan horiek guztiak. Horretarako, izapideak azkartu dituzte, udaberrian amaitzen den landatze-garaia aprobetxatzeko.

Gainera, Ingurumen eta Landa Garapeneko Departamentuak bertze 280.000 euro inbertituko ditu aurten, gaur egun erituak daudenen ordez landaketa berriak egiteko, Goizueta, Arantza, Igantzi, Eratsun, Saldias, Lesaka eta Bidasoa Berroarran eta Baztanen. 140.000 euro ere bideratuko dituzte Beran, Bidasoa ibaiaren eskuinaldean, landarezko eta naturazko krainer horma bat berreraikitzeko, San Martin presa botatzerakoan hondatu baitzen. 

Bertizko Natur Parkerako 1,4 milioi euro

Itziar Gomez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko sailburuak jakinarazi du lanean ari direla Bertizko Jaurerriko Parke Naturaleko kultur ondarea lehengoratzeko 1,4 milioi euro biltzeko. Zehazki, obra hauek aurreikusi dituzte: Aizkolegi jauregia sendotzea, kaperako eta Markesenea baserriko estalkiak konpontzea eta Tenientetxea baserriko Naturaren Interpretazio Zentroa igogailuz hornitzea. Proiektuaren finantzaketa egiaztatu ondotik, hartu nahi den irtenbidea Patronatuarekin kontrastatuko dute.

Bileran gogorarazi dute Nafarroako Gobernuak telekomunikazioetako azpiegiturak hobetzeko egin duen inbertsioa. Hala, 2019 eta 2020 artean 750.000 euro inguru inbertitu ditu zuntza Foruzaingoaren Elizondoko egoitzara eramateko eta, bertzeak bertze, Lekarozen, Iruritan, Gartzainen, Oronozen, Urdazubin eta Lekarozen interkonexioak egiteko.

Bertzalde, Kultura eta Kirol Departamentuak 125.000 euro inguruko inbertsioak aurreikusi ditu ondarea zaintzeko, museoen eta liburutegien sareko jarduerak finantzatzeko eta kirola sustatzeko. Diru horren erdia, 60.000 euro, Berako Portu Zentrorako erabiliko da, eta bertze 40.000 euro, Malerrekako artzain amerikarren espazio museografikorako. Kirol instalazioak berritzeko laguntzei dagokienez, Baztan-Bidasoaldekoek 40.000 euro jasoko dituzte.

Gainera, Nafarroako Gobernuak 2020. urtean bukatu ditu Ederbidea mugaz gaindiko proiektuan bizikletaren erabilera sustatzeko aurreikusitako egokitze-lan eta jarduera gehienak. Guztira, 2,4 milioi euro inbertitu ditu bizikletentzako 67,5 kilometro hobetzeko. Horiek EuroVelo 1 Europako ibilbidea sustatuko dute.

Etxebizitzari dagokionez, apirilean hasiko dituzte Beran alokairuko babes ofizialeko zortzi etxebizitza zaharberritzeko lanak. 1,3 milioi euroko kostua izanen dute. Gainera, etxebizitzak zaharberritzeko laguntza publikoak bortz aldiz biderkatu dira 2014az geroztik, iaz 1,1 milioi izatera iritsi arte; horri esker, urtean 43 etxebizitza birgaitu izatetik 190 izatera pasatu dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun