Geroa Baik hiltegiko zigor espedientearen berri udal gobernuak baino lehen izatea «aski harrigarria eta salagarria» dela uste dute EH Bilduk eta Ezkerrak

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 17a, 16:00
Gobernuko taldeak hiltegiaren kudeaketari buruz hartutako arrangurei erantzuna ematen saiatu dela nabarmendu du.

Udala hiltegiaren lizitazio berria egin ahal izateko baldintzen agiria lantzen ari dela adierazi du gobernuko taldeak «albait lasterren egina edukitzeko eta lehiaketa publikoa hasteko».

EH Bilduk eta Ezkerrak osaturiko gobernuko taldeak, Geroa Baik hiltegiaren kudeaketaz atera duen prentsa oharraren harira, «otsailaren 25eko udalbatzan zigor espedienterik ez zegoela» berretsi dute. Gaineratu dutenez, «Geroa Baik alkatetzak hiltegiko kudeatzaileen bi zehapen espediente zituztela erran du eta horretarako Nafarroako Gobernuko zehaztugabeko zerbitzu buru baten erranak aipatzen ditu baina egun hori artio osasun publikoko albaiteroen aktarik bertzerik ez zegoen, ez zehapen espedienterik. Eta bat eta bertzea arrunt gauza desberdinak dira».

Gobernuko taldeak argitu duenez «ailegatu den zehazpen espediente bakarra 2021eko martxoaren 13koa da eta bertzeari buruz udal honetan ez dago berririk». Gehiago ere bada: «alkatearen mahairat atzo, martxoaren 16an, ailegatu zen».

Gobernuko taldeak argitu duenez «ailegatu den zehazpen espediente bakarra 2021eko martxoaren 13koa da eta bertzeari buruz udal honetan ez dago berririk». Gehiago ere bada: «alkatearen mahairat atzo, martxoaren 16an, ailegatu zen». Hori horrela, Geroa Baik espediente horren berri «udalak baino lehen izatea aski harrigarria eta salagarria» iruditzen zaio taldeari: «horrekin aski ez, eta bertze baten berri ere izatea. Nafarroako Gobernuaren txosten horien berri Baztango Udalak baino lehen izatea aski larria da, eta horren gibelean dagoena norbaitek azaldu beharko du».

Horrekin batera, EH Bilduk eta Ezkerrak hiltegiaren kudeaketa alokairuan hartu duenaren esku gelditzen dela nabarmendu dute eta «zerbitzuarengatik arrangura franko» ailegatu zaizkien arren, «gure ahalmenaren arabera, horiei erantzuna ematen saiatu» dela azpimarratu dute: «datak ikusita, udaleko gobernuak erabaki zuen administrazioaren ikuspegitik denbora eta baliabideak kontuan hartuta, hoberena zela hiltegia lehenbailehen errenta berri baten bidez ematea, eta horretarako prozedura hastea». Eta momentu honetan horretarako lanean ari direla adierazi dute: «otsailaren 23ko alkatearen ebazpenarekin hiltegia kudeatzen duen enpresari jakinarazi zitzaion kontratua ez zitzaiola luzatuko eta momentu honetan lizitazio berria egin ahal izateko baldintzen agirian buru-belarri ari da udala, albait lasterren egina edukitzeko eta lehiaketa publikoa hasteko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun