Baztango Geroa Bairen ustez udalak hiltegiaren kudeaketan duen jarrera «kezkagarria» da

Ttipi-Ttapa 2021ko mar. 16a, 17:00

Udalak hiltegiaren kudeaketa «ez egokia» ontzat ematen duela salatu du Geroa Baik.

Geroa Bairen arabera, «jarrera horrekin, iduri du Udalak ontzat ematen duela udal-hiltegiaren kudeaketa, eta ez diela kasurik egiten bertze hiltegi batzuetara joatea erabaki duten erabiltzaileen eta bezeroen kexei, eta, gisa berean, udalak nolabaiteko arduragabekeria erakusten duela udal-instalazioetan gertatzen ari dena argitzeko eta ikertzeko».

Azken hilabeteetan udal hiltegiaren kudeaketaren berri izateko eta herritarren eta eragileen esperientziak eta kezkak jasotzeko bilerak egin ditu Geroa Baik. Euren ustez, zenbait esperientzia «larriak» izan dira: «egin ez diren kudeaketak kobratzea, hitzartutako datan ganadua ez sakrifikatzea, merkantzia erretiratzeko instalazioak ireki nahi ez izatea, pleguan adostutakoak baino tasa handiagoak kobratzea, errentarien soldata handiegiak, urri amaieran hiltegia ixteko osasun funtzionario batzuen bisita...».

Geroa Bai prentsa-ohar baten bidez jakitera eman duenez, espedienteei buruzko kontsulta egin zioten Elikadura Segurtasun eta Animalien Osasun zerbitzuari eta otsailaren 16an Baztango alkatearekin eta idazkariarekin, bai eta udalak hiltegian duen ordezkariarekin batzartu ziren. Bilera hartan hiltegiaren egoera zein den jakinarazi, eta kontrol ofizialeko zerbitzuko albaitariak egindako aktak Osasun Departamentuko Idazkaritza Teknikoan aurkeztu direla erran zieten, zigor espedientearen proposamenarekin batera. Geroa Baik nabarmendu duenez, «udal hiltegiari aurkeztutako bi espediente daude eta alkatea jakinaren gainean dago».

Informazio hori guztia otsailaren 25eko udal bilkurara eraman zuen Geroa Baik eta beharrezko galderak egin zituen momentuan udalak zigor espediente horien berri ez zutela erantzun zien, «horren erantzule enpresa arduraduna dela eta hiltegiaren kudeaketari buruzko kexa ofizialik ez dutela adierazi zuten. Horren aitzinean, Geroa Baik «udalak kontratua amaitu arte denbora igarotzen utzi nahi duela» uste du eta kexu mintzo da: «eta bitartean zer?».

Geroa Bairen ustez, denbora igarotzen uztea ez da konponbidea, eta Baztango Udala hiltegiaren jabea bada eta sinatutako baldintza-plegua ez bada betetzen ari, enpresari espediente bat ireki beharko liokeelakoan dago. Horrez gain, kexa eta espedienteen aitzinean zalantza erakutsi du: «Egia al da bizilagun bakar batek ere ez diola udalari inolako kexarik helarazi? Zergatik erantzuten du udalak ez duela inolako espedienteren berririk, Elikadura Osasun Zerbitzutik zigor espediente proposamenak alkateari helarazi zaizkiola ziurtatzen den bitartean?».

Geroa Bairen iritziz, «bertze instalazioetara joateko erabakia hartu duten erabiltzaile eta bezeroen kexuen aitzinean, gertatzen ari dena argitzeko eta ikertzeko axolagabekeria» ikusita, «udalak hiltegiaren kudeaketa ontzat ematen duela» dirudi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun