Baztan nagusitu zaio Malerrekari bailara arteko laxoa desafioan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2021ko mar. 15a, 08:00
Baztan eta Malerrekako pilotariak, Joxelu Retegi Arraiozko alkatearekin eta Laxoa Elkarteko Josu Prim eta Tiburtzio Arraztoarekin. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Larunbatean Arraiozko plazan jokatutako partidan 9-5 irabazi zuten baztandarrek

Baztan eta Malerreka arteko laxoa desafioa jokatu zuten larunbatean Arraiozen eta joan den urteko errebantxa hartu zuten baztandarrek 9-5 irabazita. Hasieran iganderako iragarria bazegoen ere, eguraldiaren iragarpenak kontuan hartuta, larunbatera aitzindu zuten.

Baztango taldean, Mikel Mindegia arraioztarra aritu zen Gorka Urtasun iruritarraren ordez eta berekin batera Iruritako Beñat Mariezkurrena, Oinatz Jauntsaras eta Iñaki Etxandi aritu ziren. Malerrekaren izenean, berriz, Doneztebeko Josu Juanena eta Jokin Apezetxea eta Oizko Ioritz Zelaieta eta Laurendi Zelaieta aritu ziren.

Emozioz betetako finala izan zen eta kintze ikusgarriak jokatu zituzten, ia bi ordutan. Lehen jokoa baztandarrek egin bazuten ere (1-0), Malerrekakoak 1-2 aitzinetik paratu ziren. Ondotik, bortz joko segidan egin zuten baztandarrek (6-2) eta bazirudien desafioa erraz eramanen zutela. Baina Malerrekako pilotariek hiru joko egin eta 6-5era hurbildu ziren. Alferrik, ordea, azken hiruak segidan egin baitzituzten baztandarrek (9-5).

Sari banaketan, Joxelu Retegi Arraiozko alkatea eta Laxoa Elkarteko Josu Prim aritu ziren.

Laxoa txapelketa, aurten bai

Iaz ez zen laxoa txapelketa jokatzerik izan eta horren ordez, desafioa eta kopa jokatu zituzten. Aurten, berriz ere ohiko txapelketa antolatzeko asmoa du Laxoa Elkarteak, Arraioz, Irurita, Oiz eta Doneztebeko taldeen parte-hartzearekin. Finala abuztuaren 7an jokatuko da Arraiozen. Udazkenean, kopa antolatuko dute.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun