Joan den ortzegunean Baztanen egin zen osoko bilkuran N121A errepideari buruz Geroa Bairen mozioa aztertu zen. Mozio horretan lanak iraun bizkitartean nazioarteko kamioiak matrikula bakoitiak eta bikoitiak asteka aldizkatuz autobidetik desbideratzea proposatzen zuen Geroa Baik. Modu berean, desbideratutako kamioi bidesaririk ez kobratzea eskatzen zen. Mozioa ez zen aitzinera atera, Geroa Baik eta Baztango Ezkerrak alde, baina EH Bilduk eta Navarra Sumak kontra bozkatu baitzuten. EH Bilduk bere bozkaren inguruko azalpena eman du.
Baztango EH Bilduk kontra bozkatu zuen, «alde batetik nazioarteko kamioi guztiak desbideratzearen alde gaudelako, ez matrikulen arabera. 2018an Belateko tuneletako lanak egin zirelarik Baztango udalbatzak aho batez (EH Bildu, Ezkerra, Geroa Bai, UPN eta Baztan Auzolanean) kamioi guztiak desbideratzea eskatzeko erabakia hartu zuen, eta eraki hori babesten segitzen dugu». EH Bilduren arabera, Nafarroako Gobernua izan zen matrikulen arabera desbideratzea erabaki zuena, aldebakarki, mendialdeko udalei kasurik egin gabe, «eta orduan ikusi ahal izan zen bezala, denak desbideratuz gero aise hobe gertatu izanen zen». Horregatik, lanak iraun bizkitartean eskualdera heldu ez den nazioarteko zama garraio guztia desbideratzea da EH Bilduk eskatzen segitzen duena.
Bertzalde, «desbideratutako kamioiei bidesaririk ez kobratzea eguneroko erabiltzaileei buruz diskriminazioa hutsa» dela uste du EH Bilduk: «Horren arabera Iruñerat lanera, medikura… joaki den herritar batek ordaindu beharko luke eta nazioarteko garraio-lanetan ari denak ez. Hori ez dela zuzena uste dugu».