Joan den ortzegunean egin zen osoko bilkuran Baztango Udalak garbiketa enpresa publikoa sortzeko azken aitzineko urratsak eman zituen. Horrela, alde batetik Lixura Baztan SL enpresa publikoaren estatutuak eta memoria ekonomikoa behin betiko onartu ziren, EH Bildu, Ezkerra eta Geroa Bairen aldeko 10 bozkekin; Navarra Sumaren kontrako hiru bozkekin. Orain behin betiko onarpena aldizkari ofizialean argitaratu beharko da.
Hori eginda Lixura Baztan SL-ren kontu korrontea ireki beharko dute, 3.300 euroko kapital sozialarekin. Eta segidan notaritzan agiri horiek denak aurkezturik erregistro merkantilean altan eman beharko dute enpresa publikoa. Azkeneko urratsa eskolak eta mediku kontsultategiak garbitzeko udalak Lixura Baztan SL-ri eginen dion eskaera da.