N-121-A

Baztango udalak ez dio eskatuko Nafarroako Gobernuari kamioiak A-15 autobidetik desbideratzea

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 26a, 18:00

N-121-A errepidean obretan dauden bitartean kamioiak A-15era desbideratzea eskatzen zuen mozioa ez du onartu Baztango udalak.

Geroa Bairen proposamenari ezezkoa eman zioten EH Bilduk eta Navarra Sumak eta Baztango Ezkerrak bakarrik babestu zuen

Gaur egun errepide honetan egiten ari diren obrak dirauten bitartean, lurraldea gurutzatzen duten eta eskualdeko udalerriak helmuga ez dituzten ibilgailu astunentzako, NA-121-A errepidean Iruñetik Endarlatsaraino murrizketa sistema bat berrezartzea eskatuz, mozioa aurkeztu zuen Baztango Geroa Baik ortzeguneko udal batzarrean. Baina udalaren gehiengoak ez zuen mozioa babestu Geroa Baiko bi zinegotziek eta Baztango Ezkerrako biek alde bozkatu zuten, baina EH Bilduko seiek eta Navarra Sumako hiruek kontra. 

A-15 errepidetik desbideratzera beharturik egonen diren ibilgailuei Nafarroako Gobernuak bidesaria ordain diezaien ere eskatzen zuen Baztango Geroa Baik. Geroa Baik gogorarazi duenez, «N-121-A errepideko obren 1. fasea hasi da jada, eta hurrengo faseak modu jarraian egiteko asmoa dago, osotara bost, 2+1 bidea Endarlatsaraino osatu arte». 

Geroa Baik salatu duenez, Baztango, Malerrekako, Bortzirietako eta Xaretako bizilagunek NA-121-A errepidean hobekuntza lanak eta araudiari egokitzeko lanak pairatzen ari dituzte, «eta lan horiek, beharrezkoak izan arren, egunero hainbat arrazoirengatik ibilbide hau erabiltzen duten erabiltzaileei ondoeza eta eragozpenak eragiten dizkiete».

Baztango Geroa Baik aipatu duenez, bide honetan egin ziren azken lanetan, 2018an Belateko tunelak Europako araudira egokitzeko egin ziren lan horietan alegia, ibilgailu arin eta astunen joan-etorria errazteko hainbat neurri hartu ziren lanek iraun zuten bitartean. «Orduan egindako kudeaketa eta martxan jarritako murrizketen emaitza ona kontuan hartuz, interesgarria deritzogu trafikoa antolatzeko neurri berberak ezartzea» dio Geroa Baik.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun