N-121-A

N-121-A errepideko obrek dirauten bitartean kamioiak A-15 autobidetik desbideratzea eskatu dio Baztango Geroa Baik Nafarroako Gobernuari

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 23a, 20:00

Obrak dirauten bitartean kamioiak A-15etik desbideratzea eskatu du Geroa Baik.

Eskaera argudiatzeko, 2018an Belateko tuneletako obrek iraun zuten bitartean kamioiak A-15 autobidean barrena desbideratzeak emaitza ona ekarri zituela gogorarazi du koalizioak. Ortzegunean eginen den Baztango udalaren batzarrean aurkeztuko dute mozioa.

Gaur egun errepide honetan egiten ari diren obrak dirauten bitartean, lurraldea gurutzatzen duten eta eskualdeko udalerriak helmuga ez dituzten ibilgailu astunentzako, NA-121-A errepidean Iruñetik Endarlatsaraino murrizketa sistema bat berrezartzea eskatu dio Baztango Geroa Baik Nafarroako Gobernuari.

A-15 errepidetik desbideratzera beharturik egonen diren ibilgailuei Nafarroako Gobernuak bidesaria ordain diezaien ere eskatu du Baztango Geroa Baik. Horretarako, ortzegun honetan, otsailak 25, Baztango udaleko osoko bilkuran eztabaidatuko den mozioa aurkeztu du. Geroa Baik gogorarazi duenez, «N-121-A errepideko obren 1. fasea hasi da jada, eta hurrengo faseak modu jarraian egiteko asmoa dago, osotara bost, 2+1 bidea Endarlatsaraino osatu arte». 

Geroa Baik salatu duenez, Baztango, Malerrekako, Bortzirietako eta Xaretako bizilagunek NA-121-A errepidean hobekuntza lanak eta araudiari egokitzeko lanak pairatzen ari dituzte, «eta lan horiek, beharrezkoak izan arren, egunero hainbat arrazoirengatik ibilbide hau erabiltzen duten erabiltzaileei ondoeza eta eragozpenak eragiten dizkiete».

Baztango Geroa Baik gogorarazi duenez, bide honetan egin ziren azken lanetan, 2018an Belateko tunelak Europako araudira egokitzeko egin ziren lan horietan alegia, ibilgailu arin eta astunen joan-etorria errazteko hainbat neurri hartu ziren lanek iraun zuten bitartean. «Orduan egindako kudeaketa eta martxan jarritako murrizketen emaitza ona kontuan hartuz, interesgarria deritzogu trafikoa antolatzeko neurri berberak ezartzea» diote euren oharrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun