Baztan ikergai duten ikasketa akaberako lanak diruz lagunduko ditu udalak aurten ere

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 16a, 18:00
Duela sei urte hasi zen Baztango Udala Baztan ikergai duten lanak diruz laguntzen. / Artxiboko argazkia.

Bertze urte batez, Baztan ikergai duten ikasketa amaierako proiektuak edo lanak diruz laguntzeko deialdia egin du Baztango Udalak. Eskatzaileek eskabideak eta lanaren memoria aurkezteko martxoaren 17a arteko epea izanen dute.

Deialdiaren helburua Baztango ikasleen artean Baztani eta Baztango etorkizunari buruzko kezka eta interesa piztea da eta proiektuak eta lanak bakoitzaren ikasketa arlokoak izanen dira. Aukeratutako proiektu edo lan bakoitzak 500 euro hartuko ditu eta gehienez ere lau proiektu izanen dira diruz lagunduko dituztenak.

Baldintzak eta epeak

Eskatzaileak Baztango udalerrian erroldatua izan (beste udalerri batean erroldatua egonez gero arrazoia kanpoan ikasketak burutzea dela justifikatu beharko du) eta 2020/21 ikasturtean azken kurtsoan matrikulatua egon behar du. Era berean, Baztango Udalarekin zorrik izanez gero, baztertua izanen da.

Deialdian parte hartu nahi dutenek eskabideak aurkezteko martxoaren 17ra arteko epea dute eta, eskaera orriarekin batera, lanaren memoria aurkeztu beharko dute. Memorian lanaren helburuak, metodologia, iturriak, oinarrizko bibliografia... zehaztuko dituzte eta txosten hori gradu edo master akaberako proiektu eta lanaren tutorearen ongi ikusia beharko du. 

Eskatzaileak ikasketa akaberako proiektua edo lana memoriaren arabera egin beharko du eta laguntza emanen zaiola jakinarazi ondotik urte bateko epean. Epea gainditurik ez da lanik onartuko eta udalak emandako dirulaguntza erreklamatzen ahalko du.

Epaimahaia eta baloratuko diren alderdiak

Aurkeztutako memoriak eta proposamenak helburu horrekin osaturiko batzordeak baloratuko ditu. Bertan Elizondoko lanbide eskolako zuzendaria, Lekarozko ikastetxeko zuzendaria, Cederna-Garalurreko teknikaria, Baztango alkatea eta udal idazkaria egonen dira. Batzordeak arloko adituekin kontsultak egiten ahalko ditu.

Ebaluazio batzordeak memoriak gaien interes soziala, bailarako erronkak lantzeko duen ahalmena, originaltasuna, erabilitako metodologia, proposaturiko arazoak konpontzeko gaitasuna, hizkuntza, hizkuntzaren kalitatea eta sintesi ahalmena kontuan hartuz hautatuko ditu.

Laguntza jasotzen dutenek lana memoriaren arabera landu beharko dute eta urtebeteko epea izanen dute horretarako (tutorearen ongi ikusia beharko du). Deialdi honi buruzko xehetasun guztiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean daude irakurgai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun