Miguel Sobrinok eskuratu du Baztanekin zerikusia duen ikasketa akaberako lana egiteko Udalaren dirulaguntza

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 2a, 14:00
Baztango kaparetasun eskubidea aitortzen duen 1441eko jatorrizko agiriaren 1763ko kopia ederra. Gai hau landuko du Miguel Sobrinok.

Baztango kaparetasun unibertsalari buruzko lana eginen du arizkundarrak eta 500 euroko saria jasoko du

Urtero bezala Baztango Udalak bailararekin zerikusia duten ikasketa akaberako lanak eta proiektuak diruz laguntzeko dirulaguntza deialdia egin du. Aurten proiektu bakarra aurkeztu da deialdirat eta epaimahaiak ontako emanik, onuraduna Miguel Sobrino Etulain arizkundarra izanen da,  historia graduko ikaslea EHUko Gasteizko Letren Fakultatean. Lana aurkeztu ondotik 500 euroko saria jasoko du.

Sobrinok Baztango kaparetasun unibertsalari buruzko lana eginen du. Lan horretan aztertuko du XVIII.  mendetik aitzinera bailarako auzokide izateko irizpideak nola joan ziren zorroztuz; denborarekin kapareen murrizketa etorri zen eta, ondorioz, abantaila horien nolabaiteko esklusibizazioa. Aldi berean gatazka sozialak ere auzokideen eta biztanleen artean.

Ikerketa egiteko bibliografiaren azterketa eta agiritegietako agiriak miatuko ditu.

Epaimahaia Lekaroz ikastetxeko eta Elizondoko lanbide heziketa ikastetxeko zuzendariek, Baztango Cederna-Garalurreko teknikariak eta Baztango alkateak osatu dute.

2016tik zortzi laguntza

2016an lehen aldiz deialdia egin zenetik denera zortzi laguntza eman dira eta Baztanekin zerikusia duten lan hauek egin dira: turismoa Baztanen, XVII-XVIII. mendeetako goi-mailako etxeen tipologia,  mutil-dantzak eta emaztekien parte hartzea, Baztango haur eskolaren proiektu pedagogikoa, Amaiurko euskararen berezitasunen azterketa, emakume etorkinen egoerari buruzko lana, Baztango nekazaritza XVI. mendetik XVIII. menderat eta Baztango turismoa iraunkorra al da? izenburuko lana.

Deialdiak urtero 500 euroko lau dirulaguntza banatzen ditu gehienez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun