Laxoa elkarteak antolatutako 21. Paxaka txapelketako final handia otsailaren 7an jokatu zuten Iruritako Aranabia pilotalekuan. Iruritako Gorka Urtasun eta Egoitz Prim eta Elizondoko Juan Mari Maiak 9-8 irabazi zieten Erratzuko Manu Irigoien, Arraiozko Mikel Mindegia eta Erratzuko Kaiet Itoitzi, lehia estu eta ikusgarri baten ondotik.
Hasiera berdindu baten ondotik (hiruna bitarte), hiru joko segidan egin zituzten gero galtzaile suertatu zirenek (3-6). Bazirudien hor hautsi zitekeela partida, baina seina berdindu zuten berriz ere Urtasun, Prim eta Maiak. Zazpinako berdinketaren ondotik, 7-8 aitzindu ziren Irigoien, Mindegia eta Itoitz, baina azken bi jokoak urdinek egin zituzten eta txapela lortu zuten, azken urtetako finalik onenenean.
Hirugarren posturako lehia ere estua eta polita izan zen. Iruritako Xabi Barberenak, Guillermo Etxenikek eta Miguel Angel Iñarreak 9-7 irabazi zieten Iruritako Oskar Urrutia, Arraiozko Aritz Alunda eta Iruritako Mikel Sagasetari.
Txapelak eta sariak banatzen, paxaka jokalari ez ezik Erratzuko alkatea den Kaiet Itoitz eta Iruritako Josu Prim, epaile eta txatxaria izan ziren. Bitxikeri moduan, aipatu behar da lehen aldiz finala zuzenean ikusteko aukera izan zela internet bidez.