Navarra Sumak Loizuko hiltegiaren inguruan errandakoa gezurtatu nahi du Baztango udal taldeak

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 3a, 10:00
Navarra Sumari «eskatzen duen informazio guztia ematen ari zaiola» baieztatu dute Baztango udal gobernukoek.

Atzo Baztango Navarra Sumak Loizu udal hiltegiari buruzko oharra argitaratu zuen eta bertan Udaleko gobernu taldearen «gelditasuna» kritikatu zuen. Honi erantzunez, Udaleko gobernu taldeak oharra bidali du.

EH Bildu eta Baztango Ezkerrak osatutako udal gobernu taldeak aditzera eman duenez Navarra Sumak «ongi aski daki»  Loizuko azpiegitura «alokairu publikoan ematen dela eta ez duela udalak kudeatzen». Hortaz, hiltegiaren «osasun betebeharren ardura hiltegia kudeatzen duen enpresaren gain dago» hain zuzen, «alokairua bere gain duenarena». Gaineratu dutenez, osasun kontrola «Nafarroako Gobernuak egiten du, bera baita horretarako ahalmena duena». Izan ere, Nafarroako Gobernua da «hiltegi guztiak kontrolatzen dituena».

Udal gobernuko taldekideek adierazi dutenez Nafarroako osasun arduradunek «egoki ikusten dituzten oharrak egiten dituzte eta hartu beharreko neurriak finkatzen dituzte». Honen aitzinean, bertze adjudikazioekin bezala, udalak «oharren berri izaterakoan jokatzen du, hala dagokionean».

Hiltegiaren zerbitzuaren alokairua «hitzarmenarekin batera arautzen da eta horren arabera azpiegituraren mantentze-lana udalaren gain dago». Horrela, Nafarroako Gobernuko teknikariek «azpiegitura baldintza onetan dagoela erran dute, baita eskualdearendako beharrezkoa dela ere».

Oharraren bitartez Baztango Udala osatzen duten kideek atzoko oharrean Navarra Sumak errandakoa gezurtatu nahi du eta «aitzineko enpresarekin zegoen kontratua ez dela hautsi» gaineratu dute. Ez hori bakarrik, Navarra Sumak maiz «ez duela informazio zuzena erabiltzen» eta «nahasmendua sortzen duela» salatu dute. 

Azkenik, lau urtero hiltegiaren gestioa lehiaketa publikoaren bidez ematen dela eta «martxoan horretarako prozedura administratiboa abiatuko» dutela iragarri dute, «uztailean esleipen berria duen enpresa hasiko» da. Udaleko gobernu taldeak hiltegiaren geroari buruz «konpromiso osoa du» eta lehen sektorearendako «arras garrantzitsua dela» uste du. Horrela, ondoko baldintzen pleguan honetakoan ikusi diren «gabeziak zuzenduko» dituztela adierazi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun