Baztango Navarra Sumak irregulartasunak ikusten ditu Loizu hiltegiaren kudeaketan

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 2a, 19:30
Loizu hiltegiak Ā«azken hilabeteetan erabiltzaile gehienak galduĀ» dituela adierazi du Navarra Sumak.

Udaleko gobernu taldearen «gelditasuna» kritikatu du

Baztango Udaleko Navarra Suma taldeak EH Bildu eta Baztango Ezkerrak osatutako udal gobernu taldearen «gelditasuna» kritikatu du Loizu udal hiltegiaren kudeaketan atzemandako «irregulartasun larrien aitzinean». Irregulartasun horiek «gutienez 2019ko azarotik ezagutzen dituzte gobernu-taldekideek, eta Udalak enpresa kudeatzailearekin duen kontratua deuseztatzeko duen eskubidea gauzatzera eraman zezaketen, horrela jasotzen duen klausula baten arabera», nabarmendu du Baztango Navarra Sumak. Hala ere, gaineratu dutenez, «jarduera normaltasun osoz segitzea utzi dute EH Bilduk eta Baztango Ezkerrak, gertatzen zenaren jakitun izan arren».

Navarra Sumako udal taldeak gogorarazi du azken hilabete eta erdian dozena bat kontsulta eta informazio-eskaera egin dizkiola gobernu taldeari, eta honek «urtarrilaren 21era arte ez duela erantzunik eman, egun horretan eman baitu eskatutako informazioaren zati bat, baina ez du gai zehatz larrienen berri eman».

Halaber, azpimarratu dute Navarra Sumak hiltegiaren espediente osoa eskatu duela Nafarroako Parlamentuan, bere taldeko ordezkarien bidez, zabarkeria osasun arlokoa den zehazteko. «Abenduaren 4an erregistratutako eskaera hau errepikatu egin da urtarrilean, eskatutako informazioa oraindik ez baitute eman», adierazi dute. Hori dela eta, jakinarazi dute Nafarroako Gardentasun Kontseilura joanen direla beren informazio eskaerei kasurik egin gabe segitzen badute.

Navarra Sumako udal taldeak bere kezka agertu du «irregulartasunen osasun-irismenagatik ez ezik, udal hiltegia gelditu den egoeragatik ere, azken hilabeteetan erabiltzaile gehienak galdu baititu», eta gobernu taldeari egoera kritiko hori «berehala moldatzea» eskatu diote.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun