Finalerdietako bi partida esturen ondotik erabaki dira XXI. Paxaka txapelketako finalistak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2021ko ots. 1a, 09:00
Paxaka txapelketaren finala igandean jokatuko dute Aranabian. Argazkian, joan den urteko finaleko irudia. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Urtasun, Prim eta Maiak, Irigoien Mindegia eta Itoitzen kontra jokatuko dute partida nagusia otsailaren 7an Iruritako Aranabian

 

Laxoa elkarteak antolatutako 21. Paxaka txapelketako finalerdiak jokatu zituzten ilbeltzaren 31n, igande arratsaldean, Iruritako Aranabia pilotalekuan. Bi partidak ezberdinak izan ziren, baina biak ere arras lehiatuak eta borrokatuak. Irabazleek final nagusia eta galtzaileek hirugarren posturako lehia jokoan izanen dituzte otsailaren 7an Iruritako Aranabian.

Finalerdiak ilbeltzaren 31n

Finalerdietako lehen partidan, Gorka Urtasunek (Irurita), Egoitz Primek (Irurita) eta Juan Mari Maiak (Elizondo) 9-4 irabazi zieten Iruritako Xabi Barberena, Guillermo Etxenike eta Miguel Angel Iñarreari.

Azken emaitzak ez du adierazten plazan gertatu zena. Arras partida luzea (ordu eta erdi pasatua) eta borrokatua izan zen, azken bi jokoak izan ezik (2-0, 2-2, 5-2, 5-3, 6-3, 6-4, 9-4). Bi taldeek partida hagitz taktikoa jokatu zuten, ematen zuen kintzea irabazi baino, galdu ez zutela egin nahi. Hala ere, azken txanpara arte emaitza ez zen batere argitu.  

Bigarren finalerdian, Manu Irigoienek (Erratzu), Mikel Mindegiak (Arraioz) eta Kaiet Itoitzek (Erratzu) 9-7 irabazi zieten Oskar Urrutia (Irurita), Aritz Alunda (Arraioz) eta Mikel Sagasetari (Irurita).

Nahiz eta joko guttiago jokatu, lehenbizikoa baino laburragoa (ordubete eta hogei minutu) eta biziagoa izan zen, ikusleendako politagoa, bi taldeek beren jokoa erasora egin zutelako. Zazpinako berdinketaren ondotik, azken bi jokoetan emozioa ez zen falta izan (2-0, 2-1, 3-1, 3-4, 7-4, 7-7, 9-7).

Finala eta hirugarren posturako lehia otsailaren 7an Iruritan

Gauzak honela, otsailaren 7an jokatuko dituzte Iruritako Aranabian txapelketa honetako azken partidak. Lehenik, igandean 17:00etan hirugarren posturako lehia jokatuko dute Iruritako Xabi Barberenak, Guillermo Etxenikek eta Miguel Angel Iñarreak, Iruritako Oskar Urrutia, Arraiozko Aritz Alunda eta Iruritako Mikel Sagasetaren kontra.

Final nagusiak, Iruritako Gorka Urtasun eta Egoitz Prim eta Elizondoko Juan Mari Maia, Erratzuko Manu Irigoien, Arraiozko Mikel Mindegia eta Erratzuko Kaiet Itoitzen kontra ariko dira.

Erlazionatuak

Paxaka txapelketako finala erabakita

Xorroxin irratia 2021 ots 01 Baztan   Irurita

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun