'Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz' V. Jardunaldietan parte hartu du Joseba Otondok

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 26a, 11:00

Joseba Otondo 'Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz'. V. Jardunaldian.

Larunbat goizean Donostiako San Telmo museoan Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz. V. Jardunaldiak antolatu zituen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UEMAk, UEUrekin elkarlanean.

2020ko jardunaldietan «arnasguneen prebentzioaren ikuspegia gainditu» eta «lurgune euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra» bermatzeko oinarriak proposatu ziren. Oinarri horietan sakontzera eta horiek garatu zein zehazteko Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz. V. Jardunaldiak antolatu ziren ilbeltzaren 23an. Aurtengo saioan nazioarteko esperientzien berri, garapen sozio-ekonomiko endogenorako ereduak ezagutu, arkitektoen betaurrekoak jantzi eta arnasguneetan oinarritutako hizkuntza politiken ereduan sakondu zuten.

Baztango kasua

Lurraldea eta Hizkuntza. Arnasguneen garapen jasangarrirantz. V. Jardunaldian Joseba Otondok Baztango gaur egungo errealitatea zein den plazaratu zuen. Hasteko «Baztanen izaera berezia» azpimarratu nahi izan zuen. Izan ere, Nafarroako administrazioek «egoera berezi eta konplexu» hau kontutan hartzen ez dutela aldarrikatu zuen. Baztan «landa eremu» gisa sailkatzen dela adierazi zuen, eta landa eremuko lurralde gehienekin gertatzen den bezala «biztanleriaren gutxitzea» ematen ari dela gaineratu zuen. Zehatzago, «70. hamarkadaz geroztik Baztanek populazioaren gainbehera jarraitua bizi» duela jakitera eman zuen Otondok. Hala ere, populazioaren kopurua «nahiko egonkorra» dela adierazi zuen, hain zuzen, «tasa naturala negatiboa bada ere, migrazio tasa positiboa da» eta, honek «populazioaren tasa egonkor mantentzen du».

Landa eremuarekin segituz, Baztango alkatearen hitzetan «herri anitzetan gertatzen den bezala, lurralde gatazkak sortzen dira». Lurralde gatazkak lur hauekiko interes ezberdinengatik gertatzen dira «kanpoko norbaitek baldintzatuta: urtegia, meatze zuloa, hotela... eraiki nahi dira». Adibide gisa, Lekarozen egin nahi den Aroztegia hotelaren proiektua aipatu zuen.

Azkenik, lurraldetasunarekin lotutako bertze hainbat auziren inguruko zertzeladak ere eskaini zituen. Turismoa arazo bilakatu dela gaineratu zuen baztandarrak, baina, oraindik «erantzunik eman ez» diotela aitortu zuen. Etxebizitzaren inguruan ere jardun zuen eta honek dakarren «herri guneen hustuketa, gentrifikazioa, adinekoen zaintza eta populazioaren zahartzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun