Palacio de Arozteguía SL-k hirugarren aldiz paratu du Joseba Otondo Baztango alkatearen kontrako salaketa, oraingoan prebarikazio-delitua egotzita. Hori dela eta, abenduaren 1ean, Iruñeko epaitegian deklaratu behar izan zuen.
Joan den urtean, «isiltasun administratiboari esker» Aroztegiko proiektuaren lehen faserako sustatzaileek lortua zuten obren baimena bertan behera utzi zuen Baztango Udalak. Erabaki hori hartzeko, Nafarroako Gobernuko Ondare Arkitektonikoaren Zerbitzuko txosten batean oinarritu zen Balleko Etxea. Udaleko zerbitzu juridikoen ustez, txosten hori hotela eta zerbitzu osagarriak eraikitzearen kontrakoa zen, baina Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuaren arabera, «eraikitzeko osagai arkitektonikoetan aholku batzuk bertzerik ez ziren» eta Baztango Udalari zuzendu zitzaion, sustatzailea araudira egokitzeko eskaria egin zezan.
Baztango EH Bildutik adierazi dutenez. «oraingo marko politiko eta instituzionalean alkatea herritarren adierazpide demokratikoaren ordezkaria da, herritarren erranari eta interes publikoari zor zaiona». Haatik, «Palacio de Arozteguíak judizialki, behin eta berriz, zanpatu nahi du, alkatea beren erranetara apalarazteko. Beren nagusitasun ekonomikoa erabili nahi dute instituzio eta ordezkari politikoak makurrarazteko. Eta hori ez da onartzen ahal» salatu dute.
Horren aitzinean Baztango EH Bilduk Aroztegiko bultzatzaileen «jazarpen judiziala» gogor gaitzetsi nahi du, «beraien jokabide guztiz antidemokratikoa salatu bidenabar».
Joseba Otondori babesa eta elkartasuna adierazteko epaitegiaren kanpoko aldean elkarretaratzea egin zuten abenduaren 1ean hainbat herritarrek, azkeneko salaketa hau gaitzesteko. Otondok berak, sustatzaileek «bere ahalmen ekonomiko ikaragarria hamarnaka baztandarren kontrako jazarpen judiziala» egiteko erabiltzen dutela salatu zuen.