Alkate lagun, Erberea kuarteleko juntero eta mendi komisioko kide izan ondotik, alkatetzara egin du salto Jorge Oteizak (Oronoz-Mugairi, 1962). Ilbeltzaren 6an hartu zuen kargua eta ondoko bi urteetan «herrian sortzen diren arazoei irtenbidea bilatzeko eta Baztango Udalarekin bitartekaritza lana egiteko» ardura izanen du. «Denen gustura ezin dela» jakitun izan arren, bere lana «ahalik eta hobekien» egiten saiatzeko gogotsu dago.
Oronoz-Mugairiko alkate zara ilbeltzaren 6az geroztik... Zein izanen dira ondoko bi urteetan zure ardurak?
Batetik, herrian sortzen diren arazoei irtenbidea ematea; eta bertzetik, Baztango Udalarekin bitartekaritza lana egitea. Bertzelako kontuak ere izaten dira, auzolanak antolatu, ordainketak kudeatu… Batzuetan ez da arazo haundirik izaten, bertzeetan sortzen dira…
Nor izanen dituzu alkate lagun?
Bittor Elizagoien, Aritz Goñi eta Josu Intziarte. Horrez gain, Mañolo Intziartek ere behar bada laguntzeko prest dagoela errana du. Bittor alkate izan zen eta Aritz azken bi urteotan lantaldean aritu da. Bera da taldeko gazteena, eta bertzeok adin batean gaude dagoeneko. Pena da gazteak herriko kontuetan gehixeago ez sartzea, ea lortzen dugun hurbiltzea. Lantalde horretaz gain, orain urte batzuk herrian batzorde batzuk sortu ziren: auzolanarena, hilerriarena, frontoiarena, elizarena, urarena… Alde horretatik alkatea nahiko babestua dago, bazterretik lan egiten duen jendea dagoelako. Gure aitzinetik egon direnek, Ruth PeÒak eta bere lantaldeak, laguntzeko prest daudela errana digute. Denen artean eginen dugu.
Zer helburu jarri diozu zeure buruari datozen bi urteetarako?
Ez dut helburu jakinik, herria mantendu nahiko nuke. Erabiltzen ez diren bide batzuk, erdi itxita daudenak, garbitu; eta erabiltzen diren batzuk moldatu. Herri ttiki hauetan aurrekontua ttikia izaten da... Horrez gain, edozein arazo sortzen delarik, irtenbidea agudo eta ongi ematea gustatuko litzaidake.
Epe luzeagora begira, zein dira herrian ikusten dituzun beharrak?
Bai nik baita herriak ere ikusten duen behar nagusia herriko plazan lehorpea egitea da. Herriko plaza lehorperik gabe tristea da, nahikoa da euri pixka bat egitea edo denbora txartzea ezin aprobetxatu gelditzeko. Bittor Elizagoien alkate zelarik horrekin bueltaka ibili ginen, proiektua eta guzti egin zen baina krisia ailegatu zen eta gibela eman zen. Herriko etxea deitzen diotena salduz gero, diru horrekin eta Nafarroako Gobernuaren eta udalaren laguntzarekin, komun batzuk eta lehorpea egitea gustatuko litzaidake. Bi urtez zaila izanen da, baina… Orain ez bada ea aitzinerago egiterik baden.
Herri ttikietako biztanleriak beheiti egin du hondarreko urteetan. Nola ikusten duzu Oronoz-Mugairiren etorkizuna?
Gaurko egunean gazteek ez dute erraz. Ahal duten guzia gurasoekin bizitzen dira, eta lanean ari direnek ere ez dute erraz etxetik ateratzea. Lan aldetik, inguruan ez dago aukera aunitzik eta Iruñera edo Donostiara jotzen dute batzuek. Horiek han berean hartzen dute zerbait, eta hori herriarendako ez da mesedegarri. Batzuk ondoko herrietan egin diren babes ofizialeko etxebizitzetara joanak ere badira. Laguntza batzuk ez badira ematen zail dago kontua. Herrian etxe batzuk badira hutsik daudenak eta horietan ezin da gazte bat bakarrik sartu. Horiek egokitzeko Baztango Udaletik eta Nafarroako Gobernutik dirulaguntzak lortuz gero, etxe batzuetan lau bizitza egin daitezke. Berriak egin beharrean horiek egokitu eta irtenbidea ematen ahal zaie…
Baztan-Bidasoko lanbide eskolaren proiektua ere hortxe duzue… Aurten lizitatu eta idaztea aurreikusi du Nafarroako Gobernuak…
Behar bezala egiten bada, herriak ez duela problemarik izanen uste dut. Lekua ere egokia ikusten dut… Herriendako eta bailara guztiarendako garrantzitsua izanen da. Erran dutenaren arabera, gainera, inguruan daudenak baino formakuntza ziklo gehiago eskainiko dira… Herriko lasaitasunean momentu batzuetan eraginen du, autobusen joan-etorrietan erraterako, baina dena ezin da.
Bertzerik gehitu nahi duzu?
Herriari eskerrak eman nahi dizkiot niregan konfiantza izateagatik eta alkaterik gabe dauden herrietan herritarrei animatzeko deia egin nahi diet, Batzar Nagusiko erabakietan euren tokia dutelako eta alkateak izatea garrantzitsua delako.