Bi urtero egun seinalatua izan ohi da abenduko hirugarren igandea Baztanen, hamabortz herrietako alkateak aukeratzen baitituzte batzarrean. Horrelaxe izan zen abenduaren 20a ere eta azkeneko urteetako ohiturari eutsiz, hautagaitza bakarra edo bakarrik ere ez aurkeztu zen.
Hamabortz herrietatik hamaikatan lortu zuten hurrengo bi urtetarako alkatea lotzea. Berroetan, Arraiozen eta Gartzainen gaur egungo alkateek segituko dute, Carlos Garaikoetxeak, Joxelu Retegik eta Fernando Arraztoak, hurrenez hurren.
Elbeten Imanol Juanikotena aurkeztu zen eta, batzarreak hala baieztatuta, Xabier Urreagaren lekukoa hartuko du; Erratzun Kaiet Itoitzek hartuko du Joxe bere anaiaren lekukoa; Oronoz-Mugairin Jorge Oteiza izanen da alkate, azken urteotan lan hori bete duen Ruth Peñaren lekua hartuz; Zigan Joxean Etxeberria izanen da alkate, Idoia Arrietaren ordez; Almandozen Pello Sarrateak hartuko du aspaldiko urteetan Luis Roldanen esku izan den alkatetza; Azpilkuetan Aitor Iturraldek hartu du Luis Azkarragaren lekua; Anizen Kristina Fernandez da alkate berria, Ainhoa Maritorenaren lekuan eta Lekarozen, azkenik, Ernesto Prat izanen da alkate, Mattari Plazaren ordez.
Bertze lau herrietan, Amaiurren, Arizkunen, Elizondon eta Iruritan ez zen inor aurkeztu eta gaur egungo alkateek, Joxe Urrutiak, Francisco Jose Lakarrek, Alazne Sansiñenak eta Oihane Primek kargua uzteko borondatea erakutsi dute. Beraz, herri batzuetan ilbeltzeko lehen igandean eta bertzeetan Errege egunean, berriz ere batzarrak eginen dituzte, hautagaitzaren bat baden aztertzeko.