NOEL ETXEBERRIA

«Gurpil-aulkian gelditzeak ematen dit beldurra»

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 16a, 09:00

Noel ETXEBERRIA EIHERAGARAI, esklerosi anizkoitza duen arizkundarra

Duela bederatzi urte diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza Noel Etxeberria Eiheragarai arizkundarrari. Geroztik bizitza «aunitz» aldatu zaiola aitortu dio TTIPI-TTAPAri.

«Nahiko izorratua nago». Hitz horiexekin azaldu digu Noel Etxeberria Eiheragaraik (Arizkun, 1954) bere momentuko egoera. Duela bederatzi urte diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza eta geroztik bizitza «aunitz» aldatu zaiola aitortu digu. Bere esklerosi mota «primarioki progresiboa» da eta «%60ko mendekotasuna» omen du. Are gehiago: «eskuineko aldea paralizatua» du, eta horrek «ibiltzeko zailtasunak» sortzen dizkio.  

Noiz jakin zenuen esklerosi anizkoitza zenuela? 
2007an hasi nintzen. Behin baino gehiagotan musurkatu eta erortzen nintzen eta ez nekien zergatik. Behin sukarra izan nuen eta gero eta gehiago erortzen nintzela ikusita medikura joatea erabaki nuen. Honek traumatologoarengana igorri ninduen eta zenbait proba eta galdera egin ondotik, segituan ohartu zen ez zela bere lana eta neurologiara bideratu ninduen.

Nola oroitzen duzu diagnostikoa eman zizuten eguna? 
Diagnostikoa ematerako denbora aunitz pasatu zen. Hasmentan bertze gaixotasun baten sintomak zirela pentsatu zuten eta hondarrean, traumatologiatik eta neurologiatik behin baino gehiagotan pasatu ondotik, erran zidaten diagnostikoa. Ez nuen ezagutzen eta medikuek azaldu behar izan zidaten.

Nola eragin du gaixotasunak zure egunerokoan eta bizitzan? 
Gauzak aunitz aldatu zaizkit. Kirol aunitz egiteko ohitura nuen, mendian aunitz ibiltzen  nintzen eta bizikletan ere bai. Orain ezin dut egin. 

«Baditut bederatzi urte eritasunarekin eta gero eta neke gehiago sumatzen dut eta gero eta gutiago ibiltzen naiz».

Nolako bilakaera izan du gaixotasunak? 
Mantso-mantso etorri da. Baditut bederatzi urte eritasunarekin eta gero eta neke gehiago sumatzen dut eta gero eta gutiago ibiltzen naiz. Besoa geldirik dut eta ez dut deus egiten ahal.

Nola egin diozu aitzin gaixotasunari? 
Astean behin Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartera joaten naiz eta fisioterapia eta feldenkrais saioak jasotzera. Ibiltzeko, berriz, foot-up ortesia, ferula eta bastoi bat erabiltzen ditut. 

Psikologikoki nola zaude? 
Nahiko ongi. Denbora lagunekin pasatzen dut eta egunero pare bat orduz oinez ibiltzera ateratzen naiz. Bizikleta estatikoan ere ibiltzen naiz. 

Bada bereziki beldurtzen zaituen zerbait? 
Gurpil-aulkian gelditzeak ematen dit beldurra.

Zein tratamendu jasotzen dituzu? 
Muskuluak erlaxatzeko, eritasuna geldiarazteko eta martxa hobetzeko hainbat botika hartzen ditut. Egia erran, ez dakit botika horiek zerbait egiten didaten edo ez... Horrez gain, duela zazpi urte Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteko kide egin nintzen eta astean behin han ematen didaten fisioterapia eta feldekrais saioen ondotik, aise hobeki sentitzen naiz.

Zein aholku emanen zenieke zure egoera bertsuan daudenei? 
Posible badute, Nafarroako Esklerosi Anizkoitzaren Elkartera joateko, on eginen dielako. Jendea ezagutzeak lagundu egiten du eta elkartean behar diren zerbitzu guztiak eskura daude.

Gizartean zein mezu luzatuko zenuke? 
Esklerosi anizkoitza zer den hobeki jakin behar genuke. Jendeak gaitzaren inguruko informazio gehiago behar luke eta bide batez, sentsibilitate gehiago izatea ongi etorriko litzaiguke.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun