Ixabel Aleman da Amaiurko alkate berria

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 7a, 09:05
Ixabel Aleman da Amaiurko alkate berria.

Errege Eguneko batzarreen ondotik, alkaterik gabe segitzen dute Arizkunen, Elizondon eta Iruritan

 

Errege Eguneko batzarrak bereziak izan ziren Baztango herrietan. Hamabortzetik hamaikatan aginte-makila hartu zuten alkateek. Bertze lautan alkaterik gabe zeuden eta horietatik bakarrean aurkeztu eta aukeratu zuten alkate berria. Amaiurren Ixabel Alemanek beteko du kargua. Arizkunen, Elizondon eta Iruritan alkaterik gabe segitzen dute.

Hiru herri hauetan, orain Baztango Batzar Orokorreko presidenteak bertze batzarre bat deitu beharko du.

Elizondoko kontuak

Errege Eguneko batzarretan joan den urteko kontuak ere aurkeztu zituzten. Elizondo da herririk handiena eta aurrekonturik handiena erabiltzen duena. Xabi Torresek iazko kontuen berri eman zuen. Koronabirusaren eraginez, ez zen Santiago bestarik ospatzerik izan, ezta udazkeneko feriarik ere. Honela, bai gastuak baita diru-sarrerak ere murritzagoak izanen dira. Iazko diru-sarrerak 69.836,78 eurokoak izan ziren eta gastuak, berriz, 47.753,21 eurokoak. Beraz, 22.083 superabitarekin akitu zuten 2020. urtea. Lehendik, herriko kutxan 38.476,17 euro zirela kontuan hartuz, 59.152,76 euro ditu gaur gaurkoz Elizondoko herriko kutxak.

Diru-sarrera nagusia, ohikoa denez, herritarrek ordaintzen duten kuota izan da. Aurten 35.864,93 euro bildu dira eta hainbat lan egiteko 15.602,54 euro inbertitu dira: Ermitegiko landaketaren garbiketa, Gloria ostatuaren ondoko espaloia moldatzea, eliza ondoko haur parkearen ateak egitea edo Berroko zenbait pista zati egokitzea. Hilerriak 12.346,72 euroko diru-sarrerak eta 14.086,94 euroko gastuak eragin ditu eta Balleko Etxeak urtero herriari ematen dion diru-saria 11.264,77 eurokoa izan da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun