Arraioz nagusitu zaio Iruritari promozioko laxoa txapelketan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2020ko abe. 29a, 11:06
Arraioz eta Iruritako taldeak. abenduaren 24ko promozio txapelketako finalaren ondotik.

Abenduaren 24an Iruritako plazan jokatutako finalean 8-9 irabazi zuten arraioztarrek, 8-5 galtzen joan ondotik

Laxoa Elkarteak lehen aldiz antolatutako promozio txapelketako finala jokatu zuten abenduaren 24an Iruritako plazan. Irurita eta Arraioz aritu ziren nor baino nor gehiago eta lehia estu eta ikusgarri baten ondotik, arraioztarrak nagusitu ziren, 8-9. Kontuan hartu behar da Irurita 8-5 irabazten izan zela.

Arraiozko talde txapeldunean Xabi Bengoetxea, Mikel Mindegia, Aritz Alunda eta Migel Maritorena aritu ziren eta Iruritan, Gorka Urtasun beteranoarekin batera, Jon Sagaseta, Imanol Zoco eta Egoi Iturregi gazteak. Izan ere, Tiburtzio Arraztoak aipatu digunez, «txapelketa honetan helburua gazteak taldetan sartzea zen, jokatzea eta heldu den urteko txapelketa nagusirako urratsa ematea». Alde horretatik, helburua bete dela uste du Arraztoak, eta «bizpahiru talde apuntatuko dira, txapelketa jokatzen bada, noski».

Promozio txapelketa hau irailean abiatu zen, herriz herri jokatutako kanporaketekin. Honela, herri bakoitzeko ordezkari bana sailkatu zen eta abenduaren 20an jokatu zituzten finalerdiak. Arraiozek 7-2 irabazi zion Donezteberi eta Irurita 7-1 gailendu zitzaion Oizi.

Gabon eguneko finalarekin, ez ohiko urteari akabaila eman dio Laxoa Elkarteak. Pandemia eta guzti, «hiru txapelketa eta bertze hainbat ekintza» gauzatu ahal izan dituztela azpimarratu du Arraztoak.

 

Laxoa eskola eta panelak

Aipatzekoa da haurrendako laxoa eskolak ere urrian hasi zirela. Denetera 25 gazte apuntatu ziren eta Donezteben (astelehenetan) eta Iruritan (ortzegunetan) funtzionatzen ari dira. Bertze aldetik, abenduaren 26an laxoari buruzko panel handi batzuk paratu zituzten Irurita, Arraioz eta Oizko plazetan, Donezteben duela pare bat urte paratu zutena bezalakoak.

Laxoari buruzko panela paratu zituzten larunbatean. Argazkian, Iruritako plazakoa.

 

Paxaka txapelketa hastear

Sei hirukotek emana dute izena ilbeltzean abiatuko den paxaka txapelketan. Oraindik egutegia zehaztu gabe badago ere, seguruenik bigarren asteburuan hasiko da txapelketa, beti bezala Iruritako Aranabia pilotalekuan. Oiztik eta Doneztebetik hirukote bana plazaratuko dute eta Baztango pilotariak nahasiak izanen dituzte bertze lau taldeek:

  1. Gorka Urtasun (Irurita) - Egoitz Pirm (Irurita) - Juan M. Maia (Elizondo).
  2. Oskar Urrutia (Ir.) - Aritz Alunda (Arraioz) - Mikel Sagaseta (Ir.).
  3. Xabi Barberena - Guillermo Etxenike - Miguel A. Iñarrea (Irurita).
  4. Manu Irigoien (Erratzu) - Mikel Mindegia (Arraioz) - Kaiet Itoitz (Erratzu).
  5. Ioritz Zelaieta - Laurendi Zelaieta - Iker Bereau (Oiz).
  6. Jon Apeztegia - Ramontxo Etxebeste - Mikel Telletxea (Doneztebe).

Bertzalde, Iparraldean antolatzen duten Euskal Herriko Paxaka txapelketa oraindik ez da hasi eta, Tiburtzio Arraztoak aipatu digunez, «ez dakigu jokatuko den ere edo noiz, ez digutelako deus erran. Iaz bezala, bikote batzuekin parte hartzea asmoa genuen bi mailetan eta ahal bada joan urteko emaitzak errepikatu».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun