Aurkene PERURENA

«Trabak traba herri mugimenduak martxan segitzen du»

Ttipi-Ttapa 2020ko aza. 29a, 10:00
Perurena 2019ko ekainean sartu zen Baztango Gazte Asanbladan.

Aurkene PERURENA, Baztango gazte asanbladako kidea.

Lanerako gogotsu dago Baztango Gazte Asanblada. Truke azokaz gain, Aroztegiari buruzko solasaldiak, apustuen kontrako ekimena, birziklatze kanpaina, baratze ikastaroa... egin nahi dituzte.

«Ohituak gaude zerbait zerbaiten truke egiten eta ez dakigu jaso gabe ematen». Hori iraultzeko, musu-truk hartzeko eta emateko azoka antolatu du Baztango Gazte Asanbladak. Horretaz eta bertze hainbat egitasmoz aritu da Aurkene Perurena (Elizondo, 2000). Eta, bide batez,  «ikasteko, ekarpenak egiteko eta laguntzeko» gogotsu daudenei dei egin nahi izan die: «etorri asanbladetara, ortziralero 18:00etan».   

Noiztik zara Baztango Gazta Asanbladako kide?

Iazko ekainetik, asanblada berpizteko eta gazteon ikuspegitik zenbait gai lantzeko lagun talde bat elkartu ginenetik. Bertako gazteriak kezkatzen gintuen, aisialdirako ohiturek eta kontzientzia faltak. Gainera, hondarreko urteetan gaztetxea bestarako gune bihurtua zen. Adin tartea zabaldu eta ekitaldi gehiago egin nahi genituen. Bizi ditugun injustiziez eta zapalkuntzez hausnartzeko tokia sortu nahi genuen, formakuntza jasotzeko, ikasteko, hausnartzeko...

Zein da taldeak bailarari egiten dion ekarpena?

Herrigintzatik sortutako ekitaldiak antolatzeak komunitatea eraikitzen du, antolatzen ditugun ekitaldi guztiak hausnarketa baten ondotik datoz, eta horrek erran nahi du, bailara hobetzeko helburua dugula. Adibide gisa, zinea antolatu izan dugunetan haurrak kontent atera izan dira, lagun artean, berokian, txokolatea hartu eta adin aniztasun zabalarekin gozatu ondotik. Zentzu horretan, gazte asanbladak ilusioa eta indarra eskaintzen du.

«Gaztetxea herritar guztiei zabaldu nahi diegu»

Zer aldaketa izan dira gaztetxeko martxan?

Hutsune batengatik elkartu ginen, gaztetxea zabaltzeko. Adin eta helburuak zabaldu genituen, auzolana, musika, zinea, hitzaldiak, mahai-inguruak... antolatuz. Eta, aldi berean, barne formakuntzari denbora dezente eskaini diogu, euskal presoei gutunak idatzi dizkiegu... Itxura aldetik ere leihoak aldatu ditugu, barrenetik margotu...

Urriaren 30az geroztik ortziralero bigarren eskuko objektu eta arropa bilketa antolatzen duzue... Zein da bilketaren helburua?

Erabiltzen ez ditugun objektuak behar dituztenei ematea, diru irabazirik gabe, trukatuz. Bilketarekin hasi gara eta abendu aldera Baztango hainbat herritan azokak antolatuko ditugu, jendeak behar duena har dezan. Ez dugu utzitakoa eta hartutakoa neurtuko.

Noiz arte eginen duzue bilketa?

Printzipioz abenduaren 4ra arte, ortziralero, 18:00etatik 20:00etara gaztetxean bilduko dugu.

Zein da orain arte bilketak izan duen harrera?

Inoiz gaztetxera hurbilduak ez zirenak hurbiltzea lortu dugu. Adineko emakume batzuk zertan ari ginen galdetzera ere etorri ziren eta azaldu genienean 'beraien denboretan' ere horrelakoak egiten zirela, zoriondu egin gintuzte.

«Aurten bestetako irabazirik gabe ari gara lanean»

Azoka Eguberriak aldera egitekoa duzue. Gehiegizko kontsumoa saihesteko baliabide bat al da?

Badakigu Eguberriak zertarako diren, eta hori aldatzea ez da horren erraza. Horregatik paratu nahi dugu egun horien bueltan, truke azokak kontsumitzeko modua alda dezakeelako: ez dago dirurik, ezta langile prekariorik ere, ez dago mandatuak egitera Iruñera joan beharrik...  Azoka egunean zentzuz eta beharrezkoa dena kontsumitzeko mezuak zabaltzea pentsatu dugu.

Joan den martxotik elkarte gehienek ekitaldi andana utzi dituzte...

Herri mugimendua ez dute geldiarazi: Insurgenzia dokumentala eman genuen eta Aroztegiaz solasaldiak egiten ari gara. Ez gara gelditu, baina traba aunitz ditugu... Gainera, urteko ekitaldi gehienak herriko bestetako irabaziekin antolatzen ditugu eta hori ere ez dugu izan.

Aitzinera begira zer da aurreikusi duzuena?

Orain Aroztegiari buruzko solasaldiak prestatzen ari gara, baina gerora ideia dezente ditugu: apustuen kontrako ekimena, birziklatze kanpaina, musika komertzialaren kontrako zerbait, baratze ikastaroa...

Truke azoka abenduan

Bigarren eskuko arropak eta objektuak biltzen ari da Baztango Gazte Asanblada. Ortzirale arratsaldeetan gaztetxean dute hitzordua eta abenduaren 4a izanen da hondarreko eguna.

Ondotik, azokekin hasiko dira: abenduaren 6an, lehenbiziko igandean, Elizondoko Merkatu Plazan egina dute hitzordua. Hilaren 13an Erratzun bilduko dira (euria eginez gero frontoian), plazan eta abenduaren 20an Anizen, frontoian. Azoka egunean ez dutela deus bilduko gaineratzearekin batera, azokak egungo egoerara egokituz eta segurtasun neurri guztiak betez eginen dituztela iragarri dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun