2018ko Euskaraldiak bazterrak nabarmen astindu zituen eta eskualdean ere nabaritu zuen Gardek. Jendea ariketa egiten «saiatu zela» dio eta «Euskaraldiak iraun zuen bitarte horretan hizkuntza erabileran eta portaeran eragina izan zuen». Gerora «jaitsiera ttipi bat» izan zela uste du, baina ondorioetan ikusi da «pixka bat goititu» dela euskararen erabilera.
«Batzuetan ez da soilik ohitura kontua, hizkuntzarekiko dugun jarrera ere bada»
'Ariguneak'
Aurtengo Euskaraldiaren berrikuntza ariguneak dira, «euskaraz lasai aritzeko guneak». Nolabait errateko, Euskaraldiak eskatzen duen ariketa «modu kolektiboan» egiteko aukera emanen dute ariguneek eta bi mota daude: barne ariguneak eta kanpo ariguneak.
Barne ariguneak entitate baten barnean dauden kideak beraien artean euskaraz solas eginen duten taldeak dira. Hori bete ahal izateko talde horretako «ehuneko ehunak euskaraz ulertu behar du». Hau da, ahobizi edo belarriprest izanen dira, «baina denek ulertu behar dute euskaraz». Kanpo ariguneen taldean, herritarrekin edo bezeroekin harreman zuzena duten langileak sartuko lirateke: dendariak, harreragileak... Entitate horiek «zerbitzu horretan euskaraz ulertzen edo dakien norbait egonen dela bermatuko dute, herritarrak uneoro euskaraz artatuak izan daitezen. Bezeroak gune horretan euskaraz eskatu eta egin ahalko du, nahiz eta agian berari gazteleraz eginen dioten, belarriprest delakoz».
Joan den ikasturtean hasi ziren eskualdean ariguneekin lanean, Euskaraldiko batzordeak bildu eta «herriz herriko entitateen zerrenda» egiten. Konfinamenduak, ordea, «tartean harrapatu» zituen eta «gure estrategia guztiak aldatu behar izan genituen». Jendearen lehentasunak aldatu ziren eta «ez zen garai erraza enpresa eta lantegietara jotzeko. Horrek prestaketetan etenaldi edo geldialdia ekarri zuen». Bortzirietan, adibidez, dena bertan behera uztea erabaki zuen batzordeak eta Baztanen hurbileko saltokietara edo elkarteetara jo zuten. Argi utzi du «konfinamenduak ez digula guk nahi genuen guztia egiten utzi». 2020a berezia izaten ari da eta pena du «ez garelakoz gehiagora ailegatu».
«Entitateek harrera ona egin diote Euskaraldiari, jarrera ona erakutsi dute»
Kontuak kontu, eskualdean guztira 236 entitatek eman dute izena arigune izateko. Garderen hitzetan, entitateek «harrera ona» egin diote Euskaraldiari eta «jarrera ona» erakutsi dute. Zailena lantegietara ailegatzea izan omen da: «oraintxe bertze afera batzuekin ari direlakoz. Baina pixka bat kosta zaigun arren, badira parte hartuko dutenak». Bertzelako entitateek, berriz, denda ttikiek, kiroldegiek, kultur taldeek, udalek... «ongi eta gogoz hartu dute». Are gehiago, «batzuk ia betetzen dute arigune izatearena».
Herritarren rola
Ahobizi eta belarriprest rolak aurten ere izanen dira. Ahobizi uneoro euskaraz eginen duena izanen da, «lehendabiziko agurra beti euskaraz eginen duena». Parekoak euskara ulertzen badu elkarrizketan euskarari eutsi beharko dio, «elkarrizketa elebiduna bada ere». Euskaraz ongi edo erdizka dakiena «baina beti euskaraz egiteko prest dagoena» izan daiteke ahobizi. «Jarrerarekin du zerikusia» nahiz eta euskaraz ikasten ari, bere erabileran pauso bat eman nahi duenari ere badagokio rol hau. «Ahobizi izatea ez da ahalmen kontua, jarrera kontua da».
Belarriprest izatea aukeratzen dutenek parekoari euskaraz solastatzeko gonbita luzatuko diete. Kasu honetan ere «gaitasunak ez du deus erran nahi» nabarmendu nahi izan du Gardek. «Euskaraz ongi egiten duena baina zenbaitekin erdaraz egiten duena izan daiteke. Edo euskaraz guti goiti-beheiti solas egin dezakeena, baina ez dena ausartzen edo ulertzen duena, baina ez dena solas egiteko gai sentitzen».
Izen-ematea zabalik
Oraindik ere eman daiteke izena Euskaraldian, www.euskaraldia.eus webgunearen bitartez, eta herriz herri bertze hainbat bidetatik ere bai. Arigune izateko konpromisoa hartu duten entitateetan ere, «bertako kideek norbanako bezala izena eman beharko dute, ahobizi edo belarriprest rola hartuz»
«Jendeak beldurrik gabe lehendabiziko agurra euskaraz egitea eta konplexuak alde batera uztea gustatuko litzaidake»
«Herritarrak aktibatzea» gustatuko litzaioke Garderi. «Jendeak kuriositatea izatea, parte hartzeko eta laguntzeko prest egotea, batzorde indartsuak sortzea eta Euskaraldiari oxigenoa emanen dioten guneak sortzea». Euskaraldia ariketa «arras interesgarria» delako, «kontzientziak pizteko balio duena». Horrez gain, «ondorioak epe luzera gelditzea» nahiko luke: «herrietan benetan elkarrizketa elebidunak ikustea, aurreiritziak puskatzea, jendeak beldurrik gabe lehendabiziko agurra euskaraz egitea eta konplexuak alde batera uztea». Hala ere «hori lortzeko Euskaraldi gehiago beharko ditugula» iruditzen zaio.
Aurtengo ariketa modu «apalagoan» eginen dela ere argi du baztandarrak, Covid-19aren ondorioz, «gure harreman sozio afektiboak murriztu direlakoz eta jendea ez delakoz hainbertze mugitzen». Horrek ez du Euskaraldiak eskatzen duena nahi bezala egiten utziko, baina erronkak hor segitzen du eta «ariketa bera eginen da azaroaren 20tik abenduaren 4ra». Bide batez, herritarrei «hizkuntza ohiturei buruz pentsarazteko» mezua ere luzatu die Gardek, begirada hori egitea «arras interesgarria» dela iritzita: «jendea ez delakoz kontziente zein hizkuntzatan ari den bikotekidearekin, lagunekin, dendariarekin... Orduan konturatuko gara erdaraz uste baino gehiago egiten dugula. Hizkuntza ohiturak hain barneratuak ditugu ez baikara ohartzen zeinetan solastatzen garen». Hizkuntza ohiturez haratago, gehiago ere aipatu du: «batzuetan ez da soilik ohitura kontua, hizkuntzarekiko dugun jarrera ere bada». Egin dezagun bada euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan, baita abenduaren 4tik aitzinera ere.