Belateko baselizan eragindako kalteak salatu ditu Donejakue Bideko Lagunen Elkarteak

Ttipi-Ttapa 2020ko urr. 14a, 11:28

2016ko ekainean inauguratu zuten zaharberritutako Santiago ermita eta orain leiho bat hondatu dute

 

«Urriaren 9an, joan den ortziralean, norbait mendira joan zen eta harri handi samar batekin Belateko Santiago ermitaren leiho bateko kristala jo zuen. Barrenean sare metaliko bat duten kristal bereziak dira. Egindako kaltea ez zitzaion aski iruditu, nonbait, eta, beraz, kolpatzen segitu zuen barreneko beiratea ere hautsi arte», diote Urdazubitik Baztanera doan Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarterik. «Ez dugu ulertzen nola ezin den errespetatu bere garaian pertsona talde handi batek ahalegin handiz altxatu zuen zerbait».

Leihoa hautsita dago, ez bakarrik kanpoko sare metalikoa, baita barreneko beirate plomatua eta polikromatua ere. Berroeta-Lantz etapan dagoen Belateko Santiago baseliza-aterpeko osagarrietako bat da. Etapa hori Urdazubi eta Iruñea artean egin daiteke, bortz egunetan.

Baseliza 2016ko ekainean inauguratu zuten, Santiago Bidearen Lagunen Elkarteak ia sei urtez auzolanean lan egin ondotik. Elkarteko kideak, almandoztarrak eta bertze baztandarrak ere aritu ziren auzolanean. Cesáreo Soulé eskultore arizkundarrak zizelkatutako Santiagoren irudi bat du buru instalazioak, eta Donejakue Bideko zati hori erabiltzen duten erromesei bidea errazteko bidea ematen die.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun