Belateko baseliza zaharberritua inauguratu dute ekainaren 5ean

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 8a, 07:19

Jende aunitz bildu zen igandean Belateko baseliza inauguratzera. Argazkia: Foto Zaldua

Urdazubi-Baztango Donejakue Bidearen Lagunen Elkarteak bultzatuta

Belateko Santiago baselizako aterpea berreskuratu, zaharberritu eta ekainaren 5ean inauguratu du Urdazubi-Baztango Donejakue Bidearen Lagunen Elkarteak- Elkarteko kideek, Almandoz eta bertze zenbait herritako baztandarrekin batera egokitu dute Donejakue bideko baseliza.

 

Ramon Apezetxea Almandozko apezak bedeinkazioa eman zion, «garrantzitsuena ez da dirua, ilusioa eta lana baizik» erranez. 2010ean lanekin hasi zirenetik agertu diren XII. mendeko baselizaren arrastoak, txanponak, iltzeak edo balak ere  ikusgai jarri dituzte baselizaren barrenean. Santiagoren irudia ere harriz egin du Cesareo Soule harginak. Baseliza bera egiteko ere, inguruan zeuden harriak bertzerik ez dituzte erabili.

Urdazubi-Baztango Donejakue Bideko Lagunen elkartearen lanari esker, Iruña bitarteko bide guztia (5 etapa) berreskuratua dago. Bide hau aunitz erabiltzen omen zen garai batean negu partean, normalean elurtua egoten zen Orreagatik baino, Otsondo eta Belaten barna xamurragoa izaten baitzen erromesen bidea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun