«Euskal eskola herritar eta burujabea» helburu duen Ikama ikasle antolakundea aurkeztu dute Elizondon

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2020ko ira. 14a, 12:00

Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako ehunka ikasle bildu ziren larunbatean Elizondon, Ikama gazte antolakundearen aurkezpenean. «Euskal Herriko hezkuntza ereduak irauli eta gure neurrira egindako hezkuntza egitasmoa eraikitzeko antolatu eta borrokatuko den ikasle antolakundea da esku artean daukaguna» erranez aurkeztu zuten. «Martxan dagoen ikasleria gara, eta Ikama da gure lanabesa».

Argi utzi nahi izan zuten «euskal eskola herritar eta burujabea» dela euren helburua, «ikasleak erdigunean izanen dituen eta herritik eta herriarentzat kudeatua izanen den egitasmo burujabe, nazional, publiko eta askatzailea». Horrekin batera, «borrokarako irrikitan» daudela nabarmendu zuten, «gure neurrira eraikitako heziketa prozesua irabazteko borroka egiteko irrikitan. Beraz, sinetsi dezagun. Badaukagu gogoa, gaitasuna, indarra eta potentziala».

Alde batetik, «ikasleria subjektu politiko den heinean hitza eta erabakia gureak direla» aldarrikatu zuten. Horrekin batera, «herritik eta herriarentza» lan eginen dutela adierazi zuten,«hezkuntza komunitateko kideekin elkarlanean, gurea ez baita subjektu isolatu bat».

Ikasturte hasieraren harira, «agintarien utzikeria eta inprobisazioa ikaragarria» dela azpimarratu zuten. «Ikastetxeetan biltzen garenon osasuna bermatzeko baliabide nahikorik ez dute ahalbidetu, eta okerrena dena, gure osasun segurtasuna aitzakiatzat hartuta aurrerakuntza pedagogiko orori ateak ixteko aprobetxatu nahi dute krisi hau». Hala, egoera onartu ezin dutela iritzita, irailaren 15erako egina den greba deialdiarekin bat eginen dutela azaldu zuten Elizondon egindako agerraldian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun