Maite Redondo

«Haurren beharrak antzemateko eta asetzeko aurrez aurreko saioetara bueltatzea komeni da»

Ttipi-Ttapa 2020ko ira. 4a, 14:00
Maite Redondo, Ibai eta Oihan semeekin.

Maite REDONDO SALGADO Elizondoko gurasoa

Gainerako aisialdiko enpresak bezala, martxoan scape rooma itxi behar izan zuen Maite Redondo Salgadok (Elizondo, 1982). Oihan eta Ibai semeekin egoteko eta «beraien beharrak betetzeko» baliatu zuen itxialdia. Lehenbiziko astea «mahai jokoetan aritzeko, ginkanak eta eskulanak egiteko, dantzatzeko, mozorrotzeko... ongi pasatzeko» aprobetxatu zuten.   

Egoera luzatuko zela ikusita, ordea, «ohiturak aldatu» behar izan zituzten: «semeei egunero ez zela asteburua ikusarazi genien, bertzeak bertze, telebista ikusteko denbora kontrolatuz eta tableten erabilera mugatuz». 

Lana eta gozamena 
Gozamenarekin batera, euren betebeharrak txertatuz zehaztu zuten eguneroko errutina: «eskolatik egitekoak bidaltzen zizkiguten. Egunero, matematika ez bazen ingelesa, euskara edo gaztelania lantzeko zerbait izaten zuen seme zaharrenak». Gazteenak, berriz, «irakasleak bidalitako bideoa ikusten zuen: ipuinak kontatzen zizkien, eskulanak proposatu...». 

Seme zaharrenari «jarrita egotea eta ohitura hartzea gazteenari baino gehiago kostatu zitzaion arren, prestatutako plangintzarekin, segituan martxa hartu zuen». 

«Guraso guztiak ez daudela gu bezain kontent ikusi dut»

Gazteena, lanak akitzen zituelarik, «aspertu» egiten zela ikusita, denbora tartea betetzeko jarduera osagarriak ere paratzen zizkion Redondok: «idazmena edo matematika lantzeko ariketak ematen nizkion, eta horiek dibertigarriak izan zitezen saiatzen nintzen». 

Zentzu horretan, ez dute gehiegizko lan kargarik sumatu: «hasieratik ongi antolatu zituzten klaseak eta egunean bi irakasgai landu zituzten. Ez zait aunitz iruditzen...».

Irakasleak «laguntzeko prest»
Eskolarekin eta bere semeek izan dituzten tutoreekin «arras kontent» dago elizondoarra: «gehienetan Google Driven bidez bidali zizkieten lanak, eta online edo inprimatuta egin eta zuzentzeko bidaltzen genizkien». Ongi moldatu ziren eta «zorionez ez zuten zailtasun handirik» izan: «akaso ingelesarekin eta nik frantsesa ikasi nuenez ezin nien gehiegi lagundu...». 

Dena den, beharra izan dutenetan «irakasleak zalantzak argitu eta azalpenak emateko prest egon dira beti...». Dena den, ikastetxe guztietan ez dela horrela izan argitu du: «lagun eta familiakoekin solas egin dut eta irakasle guztiak ez direla modu berean aritu eta guraso guztiak ez daudela gu bezain kontent ikusi dut». 

Aurrez aurre «aunitz hobe»  
Ikasleen «beharrak antzemateko eta laguntzeko, azalpenak emateko...» aurrez aurre irakastea eraginkorragoa dela uste du Redondok. Hortaz, ikasturte hasierari «baikor» heldu dio: «neurriak betez baina aurrez aurreko saioekin hasi behar dutela uste dut. Haurrek bertze haurrekin egoteko beharra dute, eta klaseak hasten direlarik arrisku pertsonekin ez egoten saiatuko gara...».    

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun