Abuztuaren 8an inauguratu zuten Amaiurko arkeologia zentroa Etxeberrian. Bertan daude ikusgai gazteluko aztarna arkeologikorik ikusgarrienak. Aranzadi zientzia elkarteak berreskuratu ditu, azken hamabortz urteetan egindako indusketa kanpainetan. Amaiurko Gaztelu Elkarteak bultzatu du proiektu hori, Amaiurko herriaren, Nafarroako Gobernuaren eta Baztango Udalaren laguntzaz. Larunbateko ekitaldian, Amaiurko gaiteroekin batera gaztelura joan ziren bisitariak eta gero arkeologia zentroa inauguratu zuten.
Etxeberrian kokatua dagoen museoaren inaugurazioan izan ziren, bertzek bertze, Joxe Urrutia ( Amaiurko alkate), Joseba Otondo (Baztango alkatea), Jokin Otamendi (Aranzadi Zientzia Elkarteko presidentea), Ainhoa Viela (Gaztelu elkarteko lehendakaria), Elena Aranguren (Jose Maria Jimeno Jurioren alarguna) eta Pedro Mari Esarte historialaria. Gaztelu Taldeak ‘Nafarroa Arragoa’ abestu zuen. Joxe Urrutia, Amaiurko alkateak aipatu zuenez, «museoa ttikia da, herria bezala, baina garrantzitsua, aldi berean». Joseba Otondo, Baztango alkateak, bertan egin den auzolana aipatu zuen, «gaztelu inguruan indusketak eginez lehenik, arkeologia zentro hau lortuz, ondotik. Herriak eta herriarentzat sortutako eraikina da». Mattane Rodriguez, Leire Arana eta Kepa Garridok Aurreskua dantzatu zuten eta Pedro Mari Esartek eta Elena Aranburuk agertu zuten zentroaren plaka.
Bertze hainbat ordezkari politiko ere izan ziren ekitaldian, hala nola, Maria Solana, Jabi Arakama, Isabel Olave, Iñaki Iriarte, Patricia Perales, Maiorga Ramírez eta Bakartxo Ruiz parlamentariak; Mertxe Aizpurua diputatua; eskualdeko zenbait alkate, erraterako Ladis Satrustegi (Lesaka), Aitor Elexpuru (Bera) edo Andres Etxenike (Bertizarana), baita Baztango udaleko Iñigo Iturralde, Ruben Ciganda, Joseba Moreno eta Xabier Maia zinegotziak ere.
Hemendik bi urtera, 2022an, bortz mende beteko dira Amaiurko gaztelua Gaztelako tropek hartu zutenetik. Amaiur herriak bisita-zentro bat eraikitzeko helburua ezarri zuen urte horretarako, Amaiurko gaztelurako ibilbide kultural eta turistikoa osatzeko, material arkeologikoak erakutsiko zituen azpiegitura batekin, taldeei harrera egin eta informazio- eta ostalaritza-zerbitzua eskaintzeko. Asmo handiko proiektu hori martxan dago, baina ezin izanen da gauzatu aurreikusitako datarako, finantzaketarik ez dagoelako. Helburu berarekin segitzen dute, eta finantzaketa bilatzen jarraitzen duten bitartean, adibidez kultur mezenasgoaren bidez, Zentro Arkeologikoa gaitu dute.
Zentro arkeologikoa Etxeberrian
Karrika Nagusian dagoen Etxeberriaren beheitian egin dute zentro arkeologikoa, 130 metro koadro hartzen dituena. Instalazio hauetan erakusten diren materialak Aranzadi Zientzia Elkarteak Amaiurko gazteluan egindako indusketa kanpainetan berreskuratutako aztarna arkeologikoak dira. Zantzu horiek erakusten dute nolakoa zen gazteluko biztanleen eguneroko bizitza, eta orduko testuingurua hobeto ulertzen laguntzen dute. Abuztu osoan zabalik izanen da egunero, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era.
Erdi Aroko aztarnetan, batez ere, eguneroko tresnekin zerikusia duten hondakinak daude, janariarekin zerikusia dutenak, hala nola elikagaiak prestatzeko zeramikak, burdinazko sukaldeko tresnak, elikagaien hondarrak, eta gaztelua bera eraiki, konpondu eta mantentzeko materialak eta tresnak.
Paneletan, gazteluari buruzko infografiak ikus daitezke, artxiboetatik berreskuratutako dokumentazioa, orain arte kronologikoki antolatuta.
Ikusgai dagoen piezarik handiena Amaiurko gazteluko atea da. Ez jatorrizkoa, Amaiurko gazteluko jatorrizko atea Jauregizarrean baitago, Arraiozen. Museoan dagoena gazteluko ate blindatuaren kopia da, Jokin Larunbek eta Arangurengo Lantegi Eskolak batera egina.
Jaurtigaiak edo babes-armamentua ere ez dira falta, eta agian indusketetan lortutako material arkeologikorik ikusgarriena, Amaiurko ezpata, XV. mendearen bigarren erdiko ezproi moduko bat erakusten duena.