Bestak bertan behera gelditu direla eta prebentzio neurriak gordetzea garrantzitsua dela gogorarazi dute Baztanen

Ttipi-Ttapa 2020ko uzt. 27a, 08:00
Remirez presidente ordea, Joseba Otondo Baztango alkatearen eta Alazne Sansiñena Elizondoko alkatearen artean, ortziralean Elizondon.

Elizondon bildu dira Javier Remirez lehen lehendakariordea eta Baztango eta Elizondoko alkateak. Elizondoko Santiago bestak hasi behar ziren egunean

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak eta Joseba Otondo Baztango alkateak mezu bera helarazi diete bailarako herritarrei, eta herrietako bestak bertan behera utzi behar izan direnez, norbanakoaren erantzukizunari eta prebentzio-neurriei eusteko eskatu diete, COVID-19aren pandemia zabal ez dadin.

Biek bilera egin zuten uztailaren 24an, ortziralean, Baztango udaletxean, Elizondon; izan ere, egun horretan hasi behar zuten Santiago bestek, eta bertan behera utzi behar izan dituzte COVID-19aren pandemiaren ondorioz, Baztango gainerako herrietan gertatu den bezala. Alazne Sansiñena Lertxundi Elizondoko alkateak ere hartu zuen parte bileran.

Remirez lehendakariordeak Nafarroako Gobernuaren babesa adierazi dio bestak bertan behera uzteko udalak hartu duen erabakiari, eta gogorarazi du aurten ez dela jaieguna izanen: «Solidarioak izaten jarraitu behar dugu, osasun arloko prebentzio-neurriak betez, eta egun esanguratsuenetan jendetza eta ospakizunak saihestuz, Santiago egunean, adibidez, datorren urtean gogotsu gozatu ahal izateko».

Remirezek «Baztango auzokide guztiek orain arte erakutsitako erantzukizun eta konpromiso handia» nabarmendu zuen. Aitzineko asteburuan Baztandarren Biltzarra ospatu behar zen, eta hura ere bertan behera geratu zen. Era berean, kutsatzeko aukerak presente jarraitzen duela gogorarazi zuen: «Beraz, ezin gara erlaxatu, egoerak arretarik ez galtzea eskatzen du».

Joseba Otondo Baztango alkateak, berriz, martxoan eta apirilean Elizondon bizi izan zen «une latza» gogoratu zuen, eta «burua erabiliz jokatzeko» eskatu die herritarrei. «Herriko bestak une zaila izan ohi dira koronabirusa kudeatzeko orduan. Horregatik, garrantzitsua da azpimarratzea eta gogoraraztea bestak bertan behera geratu diren arren arduraz eta tentuz jokatu behar dugula», berretsi zuen. Ideia hori azpimarratu zuen Alazne Sansiñena Elizondoko alkateak: «Guztioi dagokigu arduratsuak izatea. Ez dago bestarik. Etorriko dira garai hobeak, eta bestetaz gozatzeko aukera izanen dugu».

Ordutegien mugaketa aisialdiko lokaletan

Bileran, Nafarroako Gobernuak egun hauetan hartutako azken prebentzio neurrien errepasoa egin zuten; gelen, beheko solairuetako gazteen lokalen erabilera debekatzea, gaueko aisialdirako tabernak eta lokalak goizeko ordu bietan ixtea, eta karrikako-zurrutaren debekua, bertzeak bertze.

Neurriak Baztanen

Baztango Udalak duela hiru aste hartu zituen neurriak, herriko ostatuekin goizaldeko 2etan ixtea adostu zuenean, baita gaueko ordutegian argiztapena %100ean eta musika bolumen txikian izatea ere, «inork nahi ez dituen egoerek sor ditzaketen jai giroak saihesteko». «Egoera honek arduraz jokatzea eskatzen du, inork nahi ez duen zerbait ez bihurtzeko. Prebentzio-neurriak zorroztu behar dira», azpimarratu zuen Otondok, Baztango harana «topaleku turistikoa» dela, eta jatorri ezberdinetako pertsona aunitz ingurune naturalaz gozatzera joaten direla gogorarazi ondotik. Turismoaren aldetik duen erakargarritasun horrek, azpimarratu zuen, «ez du osasunerako arriskurik ekarri behar», eta horregatik, erantzukizun-eskaera bisitariei ere zabaldu die.

Remirez lehendakariordeak nabarmendu zuenez, «Nafarroako Gobernuak beharrezkoak diren neurri guztiak hartuko ditu, lurraldearen zati batean edo komunitatearen lurralde osoan, osasun publikoa zaintzeko eta kutsatze berriak saihesteko». Halaber, hau nabarmendu zuen: «herritarrak jarrera bikaina erakusten ari dira hartutako erabakiak jarraitzeko, eta osasun-jarraibideak, probak (PCRak) eta isolamenduak, betetzeko orduan, positibo baten kontaktu gisa hautematen baldin bazaie». 

Topaketak inguru horretarako interesgarriak izan daitezkeen hainbat gai jorratzeko ere balio izan zuen, mugaz gaindiko lankidetza eta banda zabala bailara osora zabaltzea, bertzeak bertze, eta baita Lanbide Heziketaren hezkuntza eskaintza zonalde osora zabaltzeko ere.

Osasun-prebentziorako neurriak

Nafarroako Gobernuak COVID-19aren kutsatzea prebenitzeko oinarrizko gomendioak ekarri ditu gogora: jende-pilaketak dituzten guneak saihestea; distantzia gordetzea, maskara erabiltzea; eskuak maiz garbitzea, minutu batez xaboi edo gel hidroalkoholikoarekin; eta establezimendu bakoitzean adierazitako edukiera eta ordutegiak errespetatzea. Halaber, azpimarratu du ez direla ospakizunetarako egunak, ezta agur beroak ematekoak ere, arduratsuak izanik bizitzak salba daitezke eta.

Azkenik, koronabirusarekin bateragarriak diren sintomak (sukarra, eztula, arnasteko zailtasuna, usaimena edo gustua galtzea, beherakoa, eztarriko mina edo giharretako min ez-ohikoak edo kausa ezagunik gabeak) izanez gero, ezinbertzekoa da etxean isolatzea eta osasun-zentrora berehala deitzea, edo 948 290 290 telefonora, osasun-zentroa itxita baldin badago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun