Koronabirusak «erdiz erdi» eragin die, eguneroko martxa goitik beheiti aldatzeraino. Aunitz izan dira pandemiak agerian utzi dituen ondorioak, eta Elizondoko Benito Menni Ospitale Zentroan ere badakite zer den hori. Ez dute koronabirusean positibo eman duen erabiltzailerik izan, eta alde horretatik, badute kontent egoteko arrazoirik, baina egun batetik bertzera dena aldatu zitzaien, bai erabiltzaileei baita langileei ere. Erabiltzaileak Elizondoko karriketan barna egiten zituzten itzulirik eta bisitarik gabe gelditu ziren eta zentro barneko martxa ere aldatu behar izan zuten. Langileek, berriz, zerbitzuak indartzeko 12 orduko lanaldiak hasi zituzten.
Psikiatria eta psikogeriatria ataletan banatuta, guztira 158 lagun bizi dira Elizondoko zentroan –horietako bakoitza bitan banatua dute–: buruko gaixotasunak, ezgaitasun intelektualak, nortasun desorekak, eskizofrenia, depresioak dituztenak... Laura Galan Jimenez zentroko psikologoaren arabera, «egoera zaurgarrian dauden erabiltzaileak» dira.
Koronabirusaren ondorioz, errotiko aldaketak egin behar izan dituzte. Alarma egoera ezarri baino astebete lehenagotik hasi ziren lanean, eta «etor zitekeenaren beldur» erabiltzaileekin tailerrak egiteari ekin zioten, «zer gertatzen zen azaldu, eta higiene pautak eta segurtasun neurriak barnera zitzaten». Horren ondotik etorri ziren gainerako aldaketak: «erabiltzaileek kanpora ateratzeari eta bisitak jasotzeari utzi zioten eta horren ordez, bideodei bidez bermatu genuen senitartekoekin harremana. Ez da gauza bera baina... Barnean, berriz, espazio berean jende aunitz ez elkartzeko eta gisa honetara, birusaren hedapena saihesteko, jantokiko ordutegia bikoiztu genuen. Bi jangela ordutegi ezarri eta jateko espazio gehiago egokitu genituen. Bide beretik, jardueretarako eremu gehiago prestatu eta erabiltzaileak zortzi laguneko taldetan banatu genituen».
«Langileak 12 orduko lanaldiak egiten hasi ginen, erabiltzaileak ongi artatuak izan zitezen».
Laura Galan Jimenez, Benito Menni Ospitale Zentroko psikologoa
Langileek ere agudo hartu zituzten neurriak. Alde batetik, «erabiltzaileak barrenean egonda, birusaren transmisio bidea gu, langileak, izan gintezkeela ikusita, lehenbailehen FFP2 maskarak, pantailak, hasieran eskularruak, egunero garbitzen genituen uniformeak... erabiltzen hasi ginen. Zentrora sartu eta ateratzean tenperatura hartzen ziguten eta esku eta oinen garbiketa zaindu genuen». Bertzetik, lan txandak aldatu zituzten: «asteko egun guztietan, 12 orduko lanaldiak egiten hasi ginen, erabiltzaileak ongi artatuak izan zitezen. Etengabe eurekin lanean aritu gara alarma egoerak sortu dituen aldaketa guztietara ahalik eta hobekien egokitzeko».
Zentrotik kanpora ateratzeko debekuari atarian egindako itzuliekin erantzun zieten; «eskerrak lorategi eremu zabala dugun eta erabiltzaileek paseoak eman ahal izan dituzten», dio Galanek. Gisa berean, jardueren eskaintza zabaldu zuten. «Covid-19ari buruzko tailerrak egunero eskaintzen hasi ginen, eskuetako higienea eta segurtasun tartea zaintzearen, adiskidetasun keinuak saihestearen, eskuen ordez ukondoarekin agurtzearen edota zigarroa edo kafeak ez partekatzearen garrantziaz ohartarazteko». Gehiago ere bai: «babes psikologikoa eskaintzeko tailerrak egunero egiten hasi ginen, egoerara egokitzerakoan senti zezaketen beldurra, ziurgabetasuna edota antsietatea kudeatzen laguntzeko».
Hortik aparte, «bertzelako iniziatiba aunitz» egin omen zituzten. Konparazio batera, «Dena ongi aterako da mezuarekin eta ortzadarraren irudiarekin pankarta egin eta zintzilikatu genuen, erabiltzaileek eta langileok bideoklip bana ere egin genuen, kirol jarduera bultzatu genuen...».
Konfinamendu garaiko erantzun ona
Aldaketa handiak eta erantzuna ere neurri berekoa. «Erabiltzaileen erantzuna arras ona izan da. Babesa eskainiz eta komunikabideetatik jasotzen zuten informazioa eta sarritan ongi interpretatua izan ez dena argituz egoera eta arriskuak ongi ulertu eta arauak onartu zituzten. Ez ziren inorentzat errazak eta eurentzat guttiago». Bide horretan, ordea, lantaldearen erantzun «bikaina eta aparta» nabarmendu ditu: «denok arras ongi erantzun dugu». Hala ere, onartu digu, «denbora pasatu ahala, giroan neke fisikoa eta psikologikoa nabaritu» dutela, eta «oporren beharra» sentitu izana «etor daitekeenari baldintzarik onenetan aitzin egiteko».
«Arriskurik handiena orain ikusten dugu, herrira ateratzen eta bisitak jasotzen hasi direlako».
Laura Galan Jimenez, Benito Menni Ospitale Zentroko psikologoa
Eta ondorengo kezka
Galanen hitzetan, itxialdian izan ez zuten kezka orain sortu zaie: «arriskurik handiena orain ikusten dugu, herrira ateratzen hasi direlako, bisitak jasotzen hasi direlako eta egoera ez delako konfinamendu garaian bezain kontrolatua». «Zorioneko» sentitzen dira oraingoz kasu positibo bakar bat ere izan ez dutelako, baina etorriko balitz «kontingentzia plana prest» dutela aitortu digu: «osasun baliabideekin hornitutako gelak prestatuak ditugu, positiboak bakartuta egon daitezen, eta zentroan badira mediku eta gainerako profesionalak gaixoak behar bezala artatuak izan daitezen». Hori, ordea, handik edo hemendik saihestu nahi dute eta hortaz, ahalik eta gehien zaintzen ari omen dira, «Nafarroako Gobernuaren protokoloa jarraituz» eta «pausoak poliki-poliki emanez». Azaldu digunez, «karrikara ateratzen hasi baino lehen, talde ttikitan entrenamendu gisako bat egin genuen, kanpoan izan diren aldaketen berri jaso zezaten. Izan ere, martxoaren 13az geroztik kanpora atera gabeak ziren eta denda batera sartzeko edo terraza batean egoteko neurriak zein diren ikasi behar izan zuten. Horiek ikasi eta baimena eman orduko hasi ziren ateratzen, poliki-poliki. Orain, neurriak betetzeko gai direnak bakarrik ere ateratzen dira eta bertze batzuk taldean».
«'Eta gu noiz' galdetzen dute. Oro har, herritarrendako diren pautak hor daude, baina bertzelako errimtoa dute znetroetan bizi direnendako neurriek. Horrek ziurtasun falta sortzen die».
Laura Galan Jimenez, Benito Menni Ospitale Zentroko psikologoa
Ziurtasun eza ere sumatzen du erabiltzaileen artean: «'Eta gu noiz?' galdetzen dute. Oro har, herritarrendako diren pautak hor daude, baina bertzelako erritmoa dute zentroetan bizi direnendako neurriek. Horrek «ziurtasun falta» sortzen diela kontatu digu psikologoak eta, aldi berean, «zailtasun gehiago». Horregatik dio, «konfinamendu arintzeko garaiak ondorio gehiago utzi dituela eurengan».
Bisiten harira ere solastatu da: «orain, bisitak hasi direnean, erabiltzaileek gehiago eskatzen dute. Konfinamendu garaian, deus ez zegoenean, ordu bateko bisita jaso ahal izatea handia izan zen, baina orain, ordubete bisita dutenean, ordutegi aldetik mugarik ez duten bisitak nahi dituzte, eta gero etxera joan nahi dute...». Jarrera hori «normala» dela uste du, baina argi du «zuhurtzia handiz» jokatu beharra dagoela, «egoera ezohikoa delako eta zentroan kutsatu bat izateak taldean izan dezakeen ondorioa garrantzitsua izan daitekeelako». Hala, «etengabe azalpenak emanez» egoera zein den ulertarazten saiatzen direla gaineratu digu, eta «gutti goiti-beheiti entenditzen dute».
Buruko osasun gaitzen igoera
Zentrotik kanpo, ezohiko egoera honetan, «buruko osasun arazoak dituztenen kopuruak goiti» eginen duela sinetsita dago Galan. «Lehenago izan diren krisi ekonomikoetan zer gertatu den ikusi izan dugu. 2007koan, adibidez, buruko osasunari lotutako arazoak ugaritu ziren eta orain gauza bera gerta daiteke». Eta ondorio horiek «bai kaltetuak izan direnen artean, bai senitartekoen artean baita lehen lerroan eta arras baldintza gogorretan lanean aritu diren langile soziosanitarioen artean ere» ager daitezkeela iruditzen zaio. Osasun arloko profesionalen kasuan, «halako egoeratan lan egin eta arriskua hain hurbiletik ikusi ondotik, zaila da hori guztia asimilatzea», erran digu. Baina koronabirusa tarteko senitartekoren bat galdu dutenek kezka sortzen diote, «jendea azkar eta egokiak ez diren baldintzetan hil da, eta aunitz izan dira agurtu gabe eta dolua gainditu ezinik gelditu direnak. Horrek, bistan denez, ondorioak uzten ditu, bereziki antsietate arazoak, baina baita depresioak ere».
«Garrantzitsua da behar denean, laguntza psikologikoa eta psikiatrikoa eskatzea»
Laura Galan Jimenez, Benito Menni Ospitale Zentroko psikologoa
Horregatik «garrantzitsua» iruditzen zaio behar denean, «laguntza psikologikoa eta psikiatrikoa eskatzea» eta horren harira, «Nafarroako Gobernuak osasun arloko profesionalendako zein herritarrendako zabalik dituen telefono bidezko arreta zerbitzuak hor daudela» oroitarazi du.