Koronabirusa

Normaltasun berrira egokitzeko aniztarren bisita izan dute lehenik Jauregia esneki-lantegian

Ttipi-Ttapa 2020ko eka. 22a, 13:00

Covid-19aren eraginez martxoaz geroztik bisita gidaturik ezin izan dute egin Anizko Jauregia Esnekiak-ekoek. Normaltasun Berria deritzon fase honetan bisitak egoera berrirat moldatu behar izan dituzte, eta kanpotarrekin hasi aitzinetik, herritarrekin egin dute lehenbiziko saiakera asteburuan.

Goizeko 11:00etan gasnategian hitzordua egin, eta bisitaren nondik norakoak azaldu zituzten. Ibilbidean geldialdiak eginez Baztango egitura administratiboaren, auzolanaren, maiorazgoaren, herri lurren... berri eman ziguten. Ondotik Jauregiko behien heiarat joan eta han bertze azalpen batzuekin segitu zuten: konbentzionaletik ekologikorat egindako aldaketa, behien bazka, belarraren eragina, erditzeak, eritasunak... horiek guztiak aditu ondotik, hortik gasnategirat. Hemen bi taldetan partitu ginen, haurrak alde batetik, eta helduak bertzetik. Bi taldetan banatuta eta musukoak paratuta, esnearen transformazioa, esneki motak, salmenta zuzena... behiak deizten dituztenetik gure ahorat ailegatu artio izandako prozesu guztia: jogurta, gasna, irabiatua... nola egiten duten azalduz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun