Koronabirusa

Tokiko ekonomia pizteko bonoak banatuko ditu Arras Baztan Fundazioak

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 29a, 10:30

Arras Baztan Fundazioko kideetako batzuk, 'Piztu!' bonoen aurkezpenean.

10.000 euro bideratuko ditu, 15 euroko 'Piztu!' bonoetan banatua

Arras Baztan fundazioak tokiko ekonomia pizten laguntzeko 10.000 euro bideratuko du 15 euroko bonoetan Baztango ehun ekonomikoan erabiltzeko. Bono hauek Piztu! deituko dira eta Baztango Udalak egindako diru ekarpenari esker eginen da. Arras Baztan fundazioak kudeatuko du, Baztango eragile sozioekonomikoek osatzen duten fundazioak hain zuzen, eta bertako ekonomian 30.000 euroko eragina izatea espero da.

Herritarrek 15 euroko balioa duten bonoak eskuratu ahalko dituzte. 10 euro herritarrak paratuko ditu eta 5 Arras Baztan fundazioak. Bonoa pertsonaren, enpresaren eta Arras Baztanen arteko konpromisoa da. Bono horiek Piztu! kanpainarekin bat egin duten Baztango komertzio, zerbitzu eta ekoizle ttikietan erabiltzen ahalko dira eta helburua tokiko ekonomia piztea da.

Zergatik da desberdina Piztu Bonoa?

Piztu! bonoaren bereizgarria da ekonomia birtokiratzeko Baztanen gaurgero abiatua zen eginahalarekin bat egiten duela. Horrela, Arras Baztan fundazioak bultzatutako “Konpromiso ttikien kanpaina” gainean antolatzen da. Horregatik, Piztu!rekin bat egiten duten komertzio, zerbitzu eta ekoizle ttikiek Baztango ekonomia birtokiratzea helburu duten konpromiso ttiki horiek sinatu eta betetzeko ardura hartu beharko dute.

Hortaz gainera, parte hartuko duten enpresak elkarteetan bazkidetuak izanik interes orokorragoen lagun dira, eta hori saritu eta indartu nahi da: Elkartegintza balioan jarri. Beraz, Piztu! bonoek herritarretan eta eragile ekonomikoetan jarrera arduratsu eta konszientea eragin nahi dute tokiko ekonomiari buruz, elkarrekikotasuna bultzatuz.

Parte hartzen duten enpresak

Parte hartzen duten enpresak Alerta Egoeragatik hetsi behar izan dutenak dira, edo jarduera eduki izanagatik ere apirileko fakturazioa %50 baino gehiago jaitsi zaienak. Enpresa hauek gainera, Arras Baztan fundazioa osatzen duten elkarteetan atxikituak egotea lehenetsiko da, elkartegintzak tokiko ekonomia antolatzen eta bultzatzen laguntzen baitu.

Elkartasun keinu gisa, 2019ko urtarrilaz geroztik ireki duten enpresek ere parte hartzen ahalko dute nahiz elkarteetan ez egon; hori bai, “Konpromiso Ttikien Kanpaina”rekin bat egin beharko dute. Halaber, 2020 honetan elkarteetan izena ematen duten enpresek %50eko kuota beherapena izanen dute.

Bonoak non eta nola eskuratu eta informazio gehiago

Bonoak Elizondoko plazako informazio bulegoan eskuratzen ahalko dituzte herritarrek, hartzeko tenorean non gastatu nahi duten hautatu beharko dute. Horretarako enpresen zerrenda eguneratua argitaratuko da www.arrasbaztan.eus web orrian eta Informazio Bulegoan ere kontsultagarri egonen da.

Bonoak bi alditan jaulkiko dira ekainaren: 1etik 7ra eta 15etik 21era. Eta aldi bakoitzean herritar bakoitzak lau bono hartzen ahalko ditu gehienez. Bonoa eskuratzeko Baztanen erroldatua egon behar da eta 16 urtetik goiti izan. Bonoa eskuratzeko tenorean herritarrak ez du deus ordaindu beharko, 15 euroko erosketa egiterakoan bonoa erabiliko du eta 5 euroko beherapena aplikatuko zaio.

Plazako informazio bulegoa astelehenetik igandera irekita egonen, goizeko 10:00etatik 15:00etara.

Eginahal ekonomiko hau ahalik gehien banatzeko komertzio, zerbitzu edo ekoizle ttiki bakoitzan erabili ahalko den gehienezko bono kopurua finkatuko da. www.arrasbaztan.eus web orrian eta Informazio Bulegoan informazio guztia dago, bai herritarrarentzat, nola enpresarentzat.

Kontsumoa sustatzeaz haratago, baztandarren arteko konpromisoa saritzen dute Piztu! bonoek. «Alerta Egoeraren argitara mundua ttikitu da, eta harreman moduak eta nahiak berpiztu dira: elkar babestu eta zaintzeari arreta jarri diogu. Piztu Bonoa testuinguru honetan sortu da. Elkar babestu, elkar zaindu, ardura… balio hauek tokiko ekonomiara lotzen ditu. Alde batetik herritarrak eta bertzetik tokiko eragile ekonomikoak, piztu bonoak alde guztiak ekonomia birtokiratzeko eginahalean lotzen ditu}, dio Arras Baztan Fundazioak oharrean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun