Koronabirusa

Udal zergak borondatez ordaintzeko epea abenduaren 31ra arte luzatu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 21a, 19:00

Elizondoko ikuspegia. Argazkia: valledebaztan.com

Koronabirusaren osasun-krisiak sortu duen ezohiko egoera dela eta, Baztango Udalak udal zergen ordainketen epeak malgutzea erabaki du eta, hala badagokio, zatikatzea baimenduko duela ere adierazi du.

Baztandarrek «aurreikuspen ekonomikoa egin eta urtean zehar antolatu ahal izateko» udal zergen egutegi fiskala argitaratu du, eta Covid-19aren ondorioz sortu den egoera ezohikoa denez, ordainketen epeak malgutzea erabaki du, baita zatikatzeko aukera baimentzea ere. Hala nahi dutenek udaletxera jo beharko dute horren berri emateko.

Tokiko zergak borondatez ordaintzeko epea abenduaren 31ra luzatu du eta epe horretatik aitzinera errekarguak aplikatuko dituzte. Helbideratutako ordainketen kasuan, berriz, honela antolatu du Baztango Udalak egutegia:

  • 2020ko 1. seihilekoko lurraren gaineko kontribuzioa: 2020ko uztailaren 3a.
  • 2020ko 1. seihilekoko zaborren tasa: 2020ko abuztuaren 4a.
  • 2020ko 2. seihilekoko lurraren gaineko kontribuzioa: 2020ko urriaren 9a.
  • 2020ko 2. seihilekoko zaborren tasa: 2020ko azaroaren 2a.
  • Herri aprobetxamenduak: 2020ko azaroaren 16a.
  • Jarduera ekonomikoaren gaineko zerga: 2020ko abenduaren 2a.

Data horiek «guti goiti-beheitikoak» direla ere jakinarazi du Baztango Udalak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun