Koronabirusa

Salbatore bestarik ez ohikoenak hasi zituzten atzo Iruritan eta Urdazubin

Fernando Anbustegi 2020ko mai. 21a, 09:23

Bai batean zein bertzean altxaferoa bota eta ezkil-jotzea egin zuten eta gaur Salbatore eguna biziko dute

Beti bezala eskualdeko herrietako lehenbiziko bestak dira aurten ere Salbatore bestak. Udaberria aitzinera doan eta uda gero eta hurbilago dagoenaren seinale izan ohi dira Irurita eta Urdazubiko bestak, beti jendeak gogotsu hartzen dituenak, herrietako besten ilaran lehenbizikoak direlako.  Argazkiak: Juan Mari Ondikol

Duela hilabete batzuk ere, besta hauen zain zeuden herri batekoak zein bertzekoak, eta ilusioz ari ziren antolaketa lanetan ere. Dena den, koronabirusaren etorrerak batean zein bertzean bestak zalantzan jarri zituen lehenbizi, eta egoerak makurrera egin zuenean, bai Iruritan baita Urdazubin ere, aurtengo Salbatore bestak alde batera gelditzea erabaki zuten, antolatutako ekimenak ezerezean geldituz.

Dena den, asteak pasa ahala eta konfinamendu eta alarma egoeraren arintzeak bestak nolabait ere ospatzeko gogoa eta nahia piztu ziren bi herrietan, eta nahiz eta ez diren Salbatore bestak ohi bezala ospatuko, bai Iruritan baita Urdazubin ere besta seinalerik ez da faltako egun hauetan. Ez dira ohiko besta ekitaldiak izanen, baina izanen da non josta.

Irurita

Iruritako besta batzordeak duela aste batzuk iragarri zuen Salbatore bestak alde batera gelditzen zirela, baina azken aste hauetan, bestak hurbiltzen ari zirela eta, zerbait egiteko pentsaketa lanetan aritu dira, baita egitarau alternatibo eta egoerari egokitutakoa prestatu ere. Atzo, errate baterako, besten hasmenta iragartzen zuen altxaferoa bota zuten eliz dorretik eta baita ohikoa den ezkil-jotzea burutu ere. Horrez gain, herritarrei etxeetako balkoiak bestetako atorra eta zapiekin apaintzeko gonbidapena egin zieten, baita aunitzek egin ere. Gainera, bezperan tradizioa diren Baztan-zopak bakoitzak bere etxean prestatzeko deia ere luzatu zuten, eta horrekin batera, argazkiak atera ondotik iruritakoherria@gmail.com helbidera bidaltzea eskatu ere, bestetan aterako dituzten argazkiekin bideo bat osatu nahi baitute.

Gaur, Salbatore eguna, 11:00etan meza izanen da eta gero ezkil-jotzea eta herriko dantzarien saioa, hau, ez ohiko gisan, karrikaz-karrika. Ilunabarrean berriz ere joko dituzte ezkilak eta musika ere jarriko dute, herritarrek beren etxeetatik entzuteko.

Bihar, haurren egunaren seinale gisa, etxean eskulanak egiteko deia luzatu diete, gero argazkiak partekatuz, eta arratsaldean auzoz-auzoko txokolatadak eginen dituzte, gainera herriko musikariak herria alaitzen ariko dira, eta ilunabarrean berriz ezkil- jotzea eta musika izanen dira.

Larunbatean argi soinuka izanen dira goizean eta gero aperitiboa, bakoitzak bere etxean edo ostatuan. Zikiro jaterik ezin izanen denez ohiko gisan burutu, bakoitzak bere etxean prestatzeko deia egin dute eta Zikiro-jateko argazkiak herriko posta elektronikora bidaltzeko ere eskatzen dute. Baztan-zopetako eta zikiroko argazki hoberenek saria izanen dute.

Igandean herriko musikariak herrian barrena ibiliko dira eta ilunabarrean ezkil-jotze eta musikarekin bukatuko dituzte bestak.

 

Urdazubi

Urdazubin ere Salbatore bestetan izanen da besta seinalerik. Atzo altxaferoa bota eta ezkil-jotzea egin zuten eta gaur 11:00etan meza izanen da. Ondotik aperitiboa hartuko dute eta herriko haurrek dantza emanaldia ere eginen dute. Berez ondoko egunetarako ez du besta batzordeak aparteko egitaraurik prestatu, egoerak hobera eginen duenean besta eder bat antolatzeko asmoa baitute, baina egun hauetan ere ez da seinalerik faltako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun