Arizkun Rock antolatzen dutenek ohar bidez eman dute erabakiaren berri. «Covid-19ak sortutako krisiaren inguruan lehen eskuko informazioa izan ahal izateko» lantaldea sortua zutela jakinarazi dute eta onartu dute «ez dugula bertze aukerarik eduki eta horregatik ekainaren 19rako aurreikusitako edizioa bertan behera uztea erabaki dugu».
Oharrean diotenez, «inoiz baino lehenago lanean hasteak dena lotzeko aukera eman zigun». Eta hala, «berritzeko eta hobetzeko asmoz» lanean ari zirela gaineratu dute. «Berrikuntzekin zetorren kartela, emozio anitzez betea. Argia ikusteko egunak maitasunez kontatzen zuen kartela... baina ez da posible izan».
Hala ere lanean segituko dutela azpimarratu dute: «duela urte batzuk herri bizi eta zoriontsu bat eraikitzeko apustua egin genuen, musika eta kulturatik lan eginez. Eta hortaz, inoiz baino gehiago, ilusioz eta indar askoz lanean jarraituko dugu».
Bide batez, «besarkada handi bat» bidali nahi izan diete «animoak» eman dizkieten guztiei eskertzeko. «Proiektuaren gibelean dauden pertsona guztiei, Arizkungo herriari, musikariei, teknikoei, muntatze-lanetan ibiltzen direnei, diseinatzaile grafikoei, babesleei eta atzendu gabe egunero gaixotasun hau eteteko lanean eta borrokan ari diren guztiei, bihotzez, mila esker».