Koronabirusa

Norbere herrian ordutegi mugarik gabe ibiltzen ahalko dira baztandarrak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2020ko mai. 5a, 11:11

Norbera bere herriko mugetan ordutegirik gabe egin dezake kirola. Argazkian Baztango ikuspegia Itzulegitik.

Gobernuko ordezkaritzak irizpideak aldatu ditu berriz ere, Baztango udal ordezkariekin mintzatu ondotik

Orai bai, orai ez. Orai norbere herrian, orai udalerri osoan. Orai ordutegi zehatzen menpe, orai edozein ordutan. Horrela dabiltza Baztanen azken egunetan, kirola kanpoan egiteko aukerari buruz. Atzo bertzelako aginduak jaso bazituzten ere, badirudi oraingoan, norberaren herrian ordutegirik gabe ibiltzen ahalko direla baztandarrak, adin tartea edozein dela ere, baina norberaren herritik kanpo ez da kirola egiteko mugitzen ahalko. Halaxe jakinarazi dute Gobernuko ordezkaritzatik, Baztango udal ordezkariekin mintzatu ondotik.

Adibidez, zigatarrak, arraioztarrak… herriko mugetatik atera gabe egun osoan ibiltzen ahalko dira, baina gartzaindarrak ez dira Otsondorat joaten ahalko. Irizpide berriak berme osoarekin eguerditik hartuko du indarra.

Irizpideak Gobernuko ordezkaritzak ematen ditu, eta Baztango Udalak ohar bidez adierazi duenez, «aldaketa hauek herritarren artean sortu duten nahasmenduaz jakitun gara, horregatik, sortutako  eragozpenengatik eta ulerkortasuna eskatzen dugu».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun