Duela aste batzuk, LAB sindikatuak IDEAk kudeatzen duen Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte zahar etxeko funtzionamendua «arras eskasa» izaten ari zela salatu zuen. Horren aitzinean, enpresak «beraien gestio eredugarriaz» erantzun zion. Erantzun horretan «langileok gezurtitzat» hartu izana salatu du LABek. Are gehiago, «berriki ezagutu ditugun emaitzek, tamalez, arrazoia ematen digutela» uste dute.
«Berriki ezagutu ditugun emaitzek, tamalez arrazoia eman digute»
Egoera «gogorra» bizitzen ari direla gaineratu dute, batetik, «zama fisiko eta psikologikoaren ondorioz (lan ordu gehiago, heriotzak, presioak...)», eta bertzetik, «enpresak handikeriaz segitzen duelako jokatzen eta erabiltzaileen eta gure ongizatea bortz axola zaielako».
Horren erakusle, IDEAko zuzendaria den Rafael Sanchez-Ostizek «kontratazio gehiago egin ahal izateko Baztango Udalak eskainitako dirulaguntzari hiru aldiz uko egin diola» salatu du: «gero euren burua nola txalotzen duten ikusi behar izateko, Covid-19a atzemateko probak egin dituen lehenbiziko zahar etxea direla erranez, 148 erabiltzailetatik 76k eta 85 langiletatik 16k positibo eman dutenean eta emaitza horiek izanda ez dutenean inongo neurririk hartzen». Horrek guztiak «haserrea eta amorrua» eragiten diela azpimarratu nahi izan dute.
«Rafael Sanchez-Ostizek kontratazio gehiago egin ahal izateko Baztango Udalak eskainitako dirulaguntzari hiru aldiz uko egin dio»
Txalogarritzat jo dute langileen jarrera, «lan orduak eta egunak beharren arabera egokitzeko prest daudelako eta Norbera Babesteko Ekipamendu (NBE) berak behar baino gehiagotan erabiltzen dituztelako». Gehiegizko erabilera «zahar etxeko zuzendaritzak NBEak giltzapean gordetzearen eta gerra garaian bezala, gutxika-gutxika ematearen» ondorio dela adierazi dute. Horrek, halaber, «inongo lan osasun segurtasun logikarik ez duela» deritzote.
Esker oneko hitzak dituzte Udalarentzat «patronatuak duen utzikeriaren gainetik, alkatetzak jarrera aktiboa eta eraikitzailea» izan duela argudiatuz: «kontratazioak egiteko laguntzaren bitartez hainbat organismorekin kudeaketak eginez eta aipatutako probetan negatibo eman zutenak Lekarozko aterpean bakartzea lortuz». Lekarozera garraiatzeko erabakia Udalarena izan dela dio LABek: «azkeneko neurri hau berari esker lortu dela, etorkizunean, neurri hori bereganatuz, bertze inork bere burua txalotu ez dezan, gainera, zegokienean, erabaki hori hartu ez zutenak izan zirenean».
«Neurriak berandu, presaka, zehaztu gabe eta langileon gain utzita hartu dituzte»
Neurriak «berandu, presaka, zehaztu gabe eta langileon gain utzita» hartu dituztela argitu dute: «ez da deus berria azken aste hauetan». Egoiliarrak aterpera eraman zituztenean «egun batetik bertzera egindako aldaketa izanda, erabiltzaileak modu egokian egoteko eta osasuna bermatzeko beharrezko baliabideen» eskasia sumatu zuten. «Inprobisazioa oinarri» izatea salatu dute: «Noiz arte izanen da inprobisazioa osasun krisi hau kudeatzeko oinarria?».
«Lehentasun ekonomikoak osasunaren gainetik paratu dituzte»
«Lehentasun ekonomikoak osasunaren gainetik» paratu dituztela adierazi dute, «eta jarrera horrekin bizitza aunitz jokoan paratu dituzte. Denborak erranen du IDEAren handikeriak zenbat bizitza balio dituen, baina horren aitzinean norberak jakinen du zein eta zer txalotzen duen». Eurek argi dute: «gu, gure zaharren, lankideen eta osasunaren alde egonen gara. Bertze batzuek ez dute hori erraten ahal».