Koronabirusa

Aurten ez dute Iruritako Mendi Duatloirik eginen

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 15a, 10:30

Salbatore bestak bertan behera eta mendi duatloia ere bertan behera. Koronabirusaren ondorioz, maiatzean Iruritan antolatzekoak zituzten bi hitzordu garrantzitsurik ez da eginen. Aunitz ziren mendi duatloian parte hartzekoak ziren kirolariak eta antolatzaileek guztiei dirua bueltatuko dietela jakinarazi dute.

Mendi duatloiaren hirugarren edizioa zuten aurten Iruritan eta bakarka zein erreleboka parte hartzeko aukera eskainia zuten: 10,5 kilometroko luzera eta 450 metroko desnibela duen ibilbidea lasterka eta 20 kilometroko luzera eta 800 metroko malda duen itzulia mendi bizikletan, banaka edo erreleboka. Duela bi urteko edizioan 128 kirolarik parte hartu zuten eta joan den urtean 206 lagunek osatu zuten ibilbidea.

Aurtengoa bertan behera uzteko erabakia «penaz» hartu dute antolatzaileek eta hala, «hurrengo urtean, inoiz baino gogo gehiagorekin itzuliko» direla nabarmendu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun