Koronabirusa

Baztango ikasleen behar teknologikoak ikastetxeek beraiek estali dituzte

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 7a, 08:10

Baztan Ikastolako ikasleak ikasturte hasieran. Orai, gainerako ikastetxe guztietako ikasleak bezala, etxetik ari dira.

Baztango udalak esker ona adierazi die hezkuntzako langileei, «egiten ari diren lanarengatik eta egoera honen aitzinean izandako jarreragatik»

Pasa den astean larrialdi garai honetan eskolak jasotzeko baliabide berezirik behar dituzten ikasleen diagnosia egiteko eskatu zien Baztango Udalak ikastetxe guziei, beharko balitz, baliabide teknologiko horiek bere gain hartzeko: interneta eta ordenagailua.

Oianko Garde, hezkuntza zinegotziaren erranetan, «eskola guziek erantzun ondotik, ondorio ederra jaso dugu: Baliabide teknologiko ezak zituzten ikasleen artean eskolak berak baliabideak paratu ditu ikasleak eguneroko eskolak jasotzen segitu ahal izateko, eta ikasleen beharrak eskolak berak estali ditu. Eskolek jarrera proaktiboa hartu eta ikasle guziek beren eskolak jasotzeko ardura hartu dute».

Eskola bakoitzak bere erreminta propioak erabili ditu; ordenagailu eramangarriak,  chromebookak, fotokopiak (Gizarte Zerbitzuaren bidez etxerako-lanak ailegaraziz), USBak eta abar. 

Baztango udalaren izenean, «hezkuntzako langileei esker ona adierazi nahi diegu egiten ari diren lanarengatik eta egoera honen aitzinean izandako jarreragatik.  Zorionak eta esker mila denei egiten ari zareten lanarengatik! 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun