Elizondoko Zahar Etxeko «gestio eredu izugarri kaxkarra» salatu du langileen batzordeak

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 2a, 09:00
Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte zahar etxeko langileak, duela bortz urte egindako elkarretaratze batean.

ELA eta LABeko ordezkariek diotenez, «langileontzat, berez gogorra eta estresantea zen lan egoera bat are gogorragoa bilakatu da zuzendaritzatik izandako jarrera bortitza eta batere enpatikoaren ondorioz»

Pasa den martxoaren 14ean alarma egoera ezarri zenetik, «gure zahar etxean egon den gestio eredua izugarri kaxkarra izan da eta horren ondorioz, momentu honetan, egoera larri batean gaude». Horrelaxe salatu dute langileen batzordea osatzen duten ELA eta LAB sindikatuek idatzi baten bidez.

Hasteko, batzordeak salatu du «langileontzat, berez gogorra eta estresantea zen lan egoera bat are gogorragoa bilakatu dela zuzendaritzatik izandako jarrera bortitza eta batere enpatikoaren ondorioz. Ulertzen dugu, denontzako gogorra izaten ari dela bizitzen ari garen egoera hau, baina errespetua ezinbertzeko elementu bat da egoera edozein dela ere».

Momentu honetan, sei dira zahar etxean bakartuta dauden erabiltzaileak eta bertze bat Iruñera eraman behar izan dute. Horretaz gain, zenbait langile, positibo eman dutelako edo sintomak dituztelako, emaitzen zain bakartuak egon dira edo daude eta ez dira lanera joaten ahal. «Egoera larri hau (ziur aski okerrera eginen duena), lehenago aipatutako gestio eredu kaxkarraren ondorio dela» adierazi nahi dute ELAk eta LABek: «Langileok behin meta berriz prebentzio neurri gehiago eskatu arren, ez zaigu kasurik egin eta ez da neurri nahikorik hartu».

Sektorearen berezko gabeziak

Honetaz gainera, sektorearen gabeziak ere gogora ekarri ditu langileen batzordeak: «Zerbitzu minimoetan egiten dugu lan egunerokotasunean; gobernuek ezartzen dituzten langile ratioak lotsagarriak direlako. Hala salatzen dugu behin eta berriz, eta egoera berezi honetan egonik, langileoi gehiago exijitzen zaigu: prebentzio neurriak hartu behar ditugulako, aitatxi-amatxi batzuk bakarturik daudelako edo familien bisitarik ez egoteagatik pertsona hauekin denbora gehiago pasatu behar izatea dakarte. Beraien beharrak egun hauetan aunitzez handiagoak dira eta horretarako langile kopuru bera gaude».

Enpresak zerbitzuak indartu dituela erran arren, errealitatea ez dela hori eta ELA eta LABen erranetan, «langileok presiopean egin behar dugu lan, frustratuta sentitzen gara, behar bezalako arreta eta zainketak eskaintzeko zailtasun handiak ditugulako. %200a ematera behartuta gaude (egoerak horrela eskatzen duela ulertuta) baina, zuzendaritzaren aldetik, esfortzu maila bera ikusi gabe».

Langileen batzordearen arabera, «gaizki egindakoak, dagoeneko eta tamalez, gaizki eginda daude eta momentua ailegatuko da noiz exijituko ditugu exijitu beharreko ardurak, baina momentu honetan kezkatzen gaituen bakarra erabiltzaileen eta lankideon osasun fisiko eta mentala da». Horregatik salatu nahi izan dute egoera guzti hau, «baduen larritasun guztia duela ere, ahalik eta modu egokienean bideratu ahal izateko eta epe motzenean hobera egiteko».

 

Lan eskaintza

Baztango Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, Elizondoko zahar etxeak erizain laguntzailea eta zerbitzu orokorretarako langileak behar ditu, ordezkapen lanak egiteko.

  • Erizain laguntzailearen lanak: tenperatura hartzea, zainketa eta garbiketa pertsonala…
  • Zerbitzu orokorrak: garbiketa orokorra, arropen garbiketa, otorduen zerbitzatzea…
  • Interesa dutenek 948 580 730 telefonorat deitu beharko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun