Koronabirusa

Elizondoko Zahar Etxeko bi langilek positibo eman dute Covid-19an

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 31a, 13:00

Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte zahar etxea.

Fco. Joaquin Iriarte Zahar Etxeko bertze sei laguntzaile etxean daude probak egitearen esperoan eta atzo Whatsapp bidez zabaldutako «anonimo batean errandako gezur eta faltsukeriei» erantzun nahi izan die Rafael Sanchez-Ostiz IDEAko zuzendari nagusiak

«Anonimo baten bidez zabaltzen ari diren gezur eta faltsukeriei» erantzuteko asmoarekin idatzi bat bidali die familiei Elizondoko Francisco Joaquin Iriarte Zahar Etxea kudeatzen duen IDEAko zuzendari nagusi Rafael Sánchez-Ostizek. Zahar Etxeko 104 langileetatik bik koronabirusaren proban positibo eman dutela onartu du eta bertze sei etxean daudela, probak egitearen esperoan, protokoloa betez.

Idatziak dioenez, «Zahar Etxeko bizilagunen bizi-kalitatearen alde lanean» segitzeko borondate irmoarekin segitzen dutela dio eta «ataka honetatik onik ateratzeko modu bakarra, denok batera arraun egitea garrantzitsua dela» azpimarratu du.

Alarma-egoera deklaratu baino bi egun lehenagotik, martxoaren 13tik, Zahar Etxeko bisitak eta irteerak mugatzeko protokoloa ezarria dute Elizondoko Zahar Etxean eta, horrela, «hasieratik Nafarroako Gobernuaren eta Osasun Ministerioaren protokoloak zorrotz aplikatu direlakoz, oraingoz adinekoak ez kutsatzea lortu dela» adierazi du familiei zabaldutako oharrean.

Halere, kutsatutako bizilagun bat Iruñean ingresatua dagoela eta egonkor dauden bertze sei egoiliarri isolamendu irizpideak ezarri zaizkiela adierazi du Rafael Sanchez-Ostiz zuzendari nagusiak. Era berean, 104 langiletatik bik positiboa eman dute koronabirusaren proban eta bertze sei laguntzaile etxean daude proba egitearen esperoan, protokoloa betez.

IDEAko zuzendari nagusiaren erranetan «bajarekin dauden langile guztiak ordezkatu eta langile gehiagorekin sendotu da pantilla eta behar diren atseden-orduak betetzen ari dira, txandak bikoiztu edo 12 orduko txandetan lan egin beharrik gabe. Martxoaren 9an hasita, goiz eta arratsaldeko txandak egiten ari den bakarra Maria Jesus Beunza zuzendaria da».

Langileen gehiengoaren profesionaltasuna eta konpromisoa «gutxiengo baten planteamendu doilorrak zikindu» duela salatu du Sánchez-Ostizek, «lankideei kalte eginez eta zahar etxeko bizilagunei eta familiei ezinegona sortaraziz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun