Modu horretan, bertze behin, herrietako batzarretan oinarria duen Baztango jatorrizko antolaketa aski erabilgarria gertatzen ari da larrialdi egoeretarako. Betiere, erosketen zerbitzua nahi duenak aste egunez eta bulego orduetan 948 580 006 telefonorat deitu beharko du eta gainerako egun eta orduetan 641 872 821 telefonorat.
Bertzalde, gizarte zerbitzuek bakarrik bizi diren 70 urtetik goitiko adinekoak identifikatu dituzte eta 102 telefono dei egin dituzte beren egoera zertan den jakiteko. Aipagarria da adineko horien telefonoak eskuratzeko izaten ari diren zailtasunak. Gizarte zerbitzuetatik ere etxetako otorduen zerbitzua indartu da, zahar etxeko sukaldearekin elkarlanean eskaintzen dena. Halaber, beharrezko osasun neurriak hartuz eta udaleko langileekin hilabetero egiten den elikagaien banaketa egin da, 53 familik hartzen dute laguntza hau, egoera hauskorrean diren 154 pertsona.
Modu berean etxez etxeko zerbitzuak zerbitzu horren beharrean diren jendeak artatzen segitzen du. Eta etxeetan adinekoak zaintzen dituzten langileekin ere kontaktuan paratzeko lanean ari da udala, externa edo interna gisa aritzen diren langile hauen egoera zein den jakiteko eta behar izanez gero udaleko zerbitzuak eskaintzeko. Halaber indarkeria matxista eta buruko eritasun kasuetarako arreta zerbitzua du udalak 948 580 006 eta 689 035 078 telefonoez bidez. Herritarrei egoera horiei buruz ardura hartzeko deia egiten dien udalak.
Bailarako herritarrik ahulenak zaintzeko hartutako neurrien ondotik, oraingo krisialdiari buruz neurri ekonomiko eta fiskalak hartzen hasiko da Baztango Udala.