«Aroztegiko proiektua abiatu zenetik, bai proiektuaren kontra antolatutako herritarren eta proiektu honekiko herritarren gehiengoaren nahia defendatu duten hautetsien kontrako jazarpen kanpaina etengabea izan da». Hala dio EH Bilduk prentsara bidali duen oharrean. Alde horretatik, «epaiketa hau adierazpen askatasunaren aurkako kanpaina horren adierazle nabarmena» dela azpimarratu du.
Gisa berean, Palacio de Arozteguia S. L. enpresak «eztabaida demokratikoa saihestu eta zapuzteko, bere estatus ekonomikoak ematen dion botere posizioa baliatuz, bide judiziala nola erabili duen» kritikatu du. «Balizko demokrazia batean hori sekula zilegi ez bada ere, bereziki larria iruditzen zaigu demokratikoki hautatuako ordezkarien aurka egiten denean». Baztango EH Bilduren ustez, «horrek agerian uzten du sistema judiziala, nola erabiltzen den kapitalaren beharretara, Aroztegikoa bezalako proiektu espekulatzaileak erakunde publiko zein herritarrei eragin ohi dizkieten kalteak ikertzeko baliatu beharrean». Hautetsiak «beldurrarazi eta isilarazteko» helburua izatea leporatu die. «Hori gutxi balitz, prozesu judizial hauen guztien gastua gehienetan erakunde publikoen gainean erortzen da, modu honetan herritarrak behartzen gaituzte interes pribatua duten espekulatzaileen kasketak ordaintzera».
Garbi mintzatu da Baztango EH Bildu: «Sententziak sententzia, eta mehatxuak mehatxu, ez gaituzte isilaraziko». Hala, «lanean eta borrokan» segituko dutela adierazi du: «gure lurra, gure kultura eta gure bizimodua suntsitu nahi dituen pelotazo urbanistiko hau bertan behera gelditu arte».