Amaiurko gaztelua interes sozialekotzat jotzeko eskatu dute

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 31a, 08:28
Amaiurko gazteluaren inguruan indusketa lanak egin dituzte azken urteetan.

Lurrak desjabetzeko beharrezko tramitea da eta ahobatez onartu du Balleko Etxeak

Baztango Udalak, aho batez, erabaki du Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiari eskatzea Amaiurko Gazteluaren aurrien monumentua dauden lurren eta bertara doan bidearen interes sozialeko deklarazioa, nahitaez desjabetzeko helburuarekin.

Kokaleku horiek Amaiur herriaren inguruan daude eta 13.066,06 metro koadroko azalera hartzen dute. Lurzoru urbanizaezin gisa sailkatutako zazpi finka daude, osorik edo zati batean. Horietatik bortz jabetza pribatukoak dira eta gainerakoak Baztango Udalaren herri-lurrekoak dira. Finketako bat titular ezezagunarena da.

Turismo iraunkorrari eta kulturalari bulkada

Balleko Etxeak aipatu lurrak erosi nahi ditu, Amaiur Baztango turismo kultural eta iraunkorraren motorretako bat bihurtzeko.

Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen arabera, nahitaezko desjabetzea egiteko, derrigorrezkoa izanen da aldez aurretik onura publikoko edo interes sozialeko deklarazioa egitea desjabetutako objektuari eragin behar zaion helbururako. Udalak dio Amaiurko monumentua eta Amaiurko Gazteluaren aurriak Nafarroako Gobernuaren Ondare Arkitektonikoaren inbentarioan katalogatuta daudela, eta horregatik direla interes sozialekoak eta zaintzea merezi dutenak.

Horregatik guztiagatik, Udalaren arabera, bidezkoa litzateke Nafarroako Gobernuak desjabetze ahalmena erabiltzea, Baztanen eskariz eta haren onurarako.

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun