Jakoba Errekondok ireki du Lekarozen Nafarroako sagardotegietako txotx denboraldia

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2020ko urt. 20a, 10:00
Jakoba Errekondo, txotxeko lehen sagardoa dastatzeko prest, Lekarozko Larraldea sagardotegiko Jesus Angel Gartziak irekitako kupelean. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Ilbeltzaren 17an Larraldean egin zen irekiera-ekitaldia

 

Jakoba Errekondo ezagunak ireki du aurtengoan Nafarroako sagardotegietako txotx denboraldia, Lekarozko Larraldean ilbeltzaren 17an egindako ekitaldian. Sagardoa egiteko natura eta jakinduria uztartu behar direla oroitarazi ondotik ireki zuen lehen kupela. Lekarozko Larraldearekin batera, Lesakako Linddurrenborda, Berueteko Behetxonea, Aldazko Martitxonea eta Lekunberriko Toki Alai sagardotegiek osatzen dute Dolarea, Nafarroako Sagardotegien Elkartea eta aurten 250.000 litro inguru kupeleratu dituzte. 

Larraldea sagardotegian 40.000 litro sagardo egin dituzte modu ekologikoan eta Jesus Angel Gartziak aipatu zuenez, «aurtengo sagar guztia gurea eta Goizueta aldetik ekarritakoa da, kontent gaude, dena behar bezala joan delako». Lesakako Linddurrenborda sagardotegian, berriz, 25.000 bat litro egin dituztela aipatu zuen Juan Mari Lopezek, «dena Lesaka, Oiartzun eta Lezo aldeko sagarrarekin egina».

Ortziraleko irekiera ekitaldian sagar-dantza ere eskaini zuten Jo ala jo taldekoek eta Nafarroako kirol eta kultur munduko hainbat ezagun izan ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun