Euskararen aldeko hainbat konpromiso hartu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 2a, 13:00
Baztango udalak onartu du Euskararen Eguneko adierazpena.

Euskararen Egunaren harira aurkeztutako adierazpenak, EH Bildu eta Ezkerraren aldeko 7 bozka, Geroa Bairen 2 abstentzio eta Navarra Sumaren aurkako 3  bozka jaso zituen azaroaren 28ko batzarrean

 

2019ko Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta, Baztango Udalak zenbait konpromiso hartzea onartu zuen azaroaren 28ko Udal batzarrean. Adierazpenak EH Bildu eta Ezkerraren aldeko zazpi bozka jaso zituen, Geroa Bairen bi abstentzio eta Navarra Sumaren aurkako hiru bozka. Bertzeak bertze, Baztango Udalak lehentasunez euskara erabiliko du, bere jakinarazpen eta gainerako Erakundea, hornitzaile zein elkarteekiko harremanetan.

Onartutako konpromisoak

  1. Erakundeak lehentasunez erabiltzea euskara, bere jakinarazpen eta gainerako erakunde, hornitzaile zein elkarteekiko harremanetan.
  2. Gure administrazio publikoaren kontratuetan hizkuntza-irizpideak zehaztea eta ezartzea.
  3. Administrazio publikoen kontratazioetan ziurtagiriak —Bikain eta Bai Euskarari, besteak beste— bateratu eta indartzeko neurriak hartzea.
  4. Euskararen erabilera sustatzen duten hainbat tresna sustatzea, hala nola softwarea eta oinarrizko aplikazioak euskaraz, astialdirako IKT produktuak, .eus domeinua eta euskararen erabilera interneten.
  5. UEMA babestu, indartu eta zabaltzea.
  6. Urte anitzeko hitzarmenak sustatzea euskarazko toki-komunikabideen jasangarritasun ekonomikoa eta egonkortasuna bermatzeko.
  7. Euskararen erabilera eta presentzia bermatzea erabiltzen ditugun komunikabide guztietan.
  8. Kirolaren euskalduntze-bidean lan egitea, federazioarekin eta tokiko klubekin elkarlanean.
  9. Gazteentzako euskarazko aisialdi-zerbitzuak sustatu eta zabaltzea.
  10. Familia-eremuetan euskararen erabilera eta transmisioa sustatzea.
  11. Migratzaileentzako laguntza-ildoak aktibatzea, euskara ikasteko eta euskal kulturara hurbiltzeko aukera izan dezaten.
  12. Enpresetan euskararen erabilera normalizatzeko ekimenak aktibatzea, euskara laneko eta zerbitzuetako hizkuntza izan dadin.
  13. Jarduera arau-emailea garatzea, enpresetan euskara erabiltzeko planak indarrean jartzeko.
  14. Eremu guztietako eragileekin —hau da, enpresa-elkarteekin, sindikatuekin, gremio-elkarteekin, merkataritza-ganberekin eta beste hainbat erakunderekin— akordioak bilatzea, euskararen normalizazioa bultzatzeko lana har dezaten.
  15. Herriko gizarte eragile eta euskalgintzarekin batera elkarlanari eustea.

 

Zioa

Aurten 60 urte betetzen dira Eusko Ikaskuntzak 1949. urtean Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3. egunarekin ospatzea erabaki zuela. Hirurogei urte igaro arren, oraindik orain, Euskal Herriko hizkuntza berreskuratzeko premia larriak bere horretan dirau.

Egia da, euskaltzale eta ekintzaile askoren ahaleginak ez direla alferrikakoak izan eta euskara orain dela 50 urte baino hobeto dagoela, askoz hobeto baina ez aski.

Egia da ere, azken urteotan lortu dugula Euskal Herriko lurralde guztietan aurrera urrats esanguratsuak egitea. Egun, inoiz ez bezala euskaldunok berariazko erakundeak dauzkagula Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, alde batetik, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, bestetik, eta Nafarroa Garaian, azkenik. Baina ez daukagu hizkuntza politika bateraturik. Eta gaur gaurkoz, asko egiterik badugu eremu desberdinetatik hasita.

Badakigu, nola ez, edozein hizkuntza gutxituren behineneko arazoa, transmisiotik harago, erabilera dela, hizkuntza biziberritzea berau erabiltzea dela, alegia. Baina euskararen erabilera, xedea bada ere, ez da areagotuko oinarrian ez badu hiztun-elkarte zabala, sendoa, trinkoa eta engaiatua.

Hizkuntza gutxitu baten normalizazio-prozesuaz ari garenean bi elementu izaten ditugu beti buruan. Batetik, hizkuntza hori normalizatzeko pertsonek hizkuntza gutxitua ezagutu behar dute, eta, bestetik, pertsona horiek hizkuntza erabili ahal izateko espazioak behar dituzte. Biak ala biak dira beharrezkoak, baldin eta hizkuntza hori normalizatuko bada.

Horregatik diogu lurgune euskaldunek edo arnasgune geografikoek berebiziko garrantzia dutela euskararen normalizazio-prozesuan. Euskaldun kopuru handia duten herriak eta auzoak dira, euskaraz normaltasunez eta naturaltasunez bizi direnak, eta normalizatutako edozein hizkuntzak bete beharko lituzkeen funtzioak betetzen ditu euskarak, beren egunerokoan.

Baina urrats berriak eman behar dira, lurgune euskaldunen eta arnasguneen garapen iraunkorra bermatzeko oinarriak proposatuz. Izan ere, eremu horiek sendotzean eta zabaltzean jokatzen dugu normalizazio-prozesu orokorraren arrakasta, hein handi batean.

Ugari dira berariazko lanketa eskatzen duten alorrak, eta horien guztien artean bada bat gizarte‐bizitzaren gune‐gunean dagoena: ekonomia, lana eta kontsumoa biltzen dituen arloa, hain zuzen ere, gizartearen eta herritarron bizitzaren motore nagusia baita.

Arlo sozioekonomikoak eta euskararen erabilerak elkarri egin behar dioten ekarriaren garrantzia ez da gutariko inorentzat ezezaguna. Bai baitakigu ez dela hizkuntza normalkuntzarik lanaren, ekonomiaren eta kontsumoaren munduan erro sakonik ez duenik.

Sendoak dira, alor horretan ere, eragile nagusiak egiten ari diren urratsak. Eta horietan lehena, zalantzarik gabe, euskararen erabilera askotariko erakundeen izaeraren ezaugarrien artean txertatzea dago.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun