Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegiko urbanizazio lanak ezin dituztela hasi adierazi du Joseba Otondo Baztango alkateak

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 28a, 08:29

Atzo zabaldu zen Lekarozko Aroztegia eremuan lanak hasiak direla eta hotelaren kasuan, 2022 bukaerarako akituko dituztela. Horren harira, Joseba Otondo Baztango alkateak oroitarazi du hotelaren proiektua Principe de Viana erakundearen kontrako txosten batek gelditua duela eta lanak hasteko, legez Udalari jakinarazi behar diotela eta Udalean ez dutela jakinarazpenik jaso. Navarra Tex enpresa urbanizazio lanekin hasia dela ere azaldu dute sustatzaileek, baina horri erantzunez, Baztango alkateak Nafarroako Kontratu Administratiboen Auzitegiak Aroztegiko Jauregian egin nahi dituzten urbanizazio lanen esleipena baliogabetua duela ohartarazi du, eta hortaz, urbanizazio lanak ezin dituztela hasi.

Asteazken goizean prentsaurrekoa eman zuten Hilton hotel-kateko estatuko arduraduna den Carlos Mirok eta Salvador Urbistondo proiektua sustatu duen enpresariak eta geroztik bolo-bolo dabil Lekarozko Aroztegia Jauregian egin nahi duten proiektuaren berria. Horren arabera, Aroztegiko Jauregia Hilton hotel-katearen esku geldituko da eta 126 gela eta suite baino gehiago izanen ditu. Lanak hasi direla ere adierazi dute eta 2022a akitu baino lehen hoteleko ateak zabalduko dituztela. Horri erantzunez, Joseba Otondo Baztango alkateak, zera adierazi dio Ttipi-Ttapari: «Nafarroako Gobernuak udalez gaindikoa den plan sektoriala onartu ondotik, banaketa eremu horretako birzatiketa plana eta urbanizazio proiektua onartu zituen, baina lanak hasi ahal izateko Udalari legez jakinarazi behar zaio, behin urbanizazioa eginda Udalaren gain gelditzen delako. Baina ez dugu lanak hasiko direla adierazten duen jakinarazpenik hartu oraino». Gainera, «hotelaren proiektua Principe de Viana erakundearen kontrako txosten batek gelditua dauka», erran du Otondok.

Bertzalde, Navarra Tex enpresa urbanizazio lanekin hasia omen da eta urtarrilean, hotelaren, golf-zelaiaren eta urbanizazio proiektuaren inguruan zehaztasun gehiago emanen dituztela iragarri dute proiektuaren sustatzaileek. Horren harira, «urbanizazio lanak ezin dituztela hasi» oroitarazi du Otondok: «Nafarroako Kontratu Administratiboen Auzitegiak urbanizazio lanen esleipena baliogabetu zuen eta lanak ez dituzte hasten ahal. Baliogabetzea Administrazioarekiko Auzi Epaitegian errekurritu du enpresak eta oraino ez du argitu». Urbanizazio lanen esleipena LAB sindikatuak errekurritu zuela azaldu du alkateak, «pleguetan klausula sozialak ongi definiturik ez zetozelako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun