Suakai taldearen kontzertua izanen dute azaroaren 3an Elizondon

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko urr. 31a, 14:00

Hainbat arte uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko du Suakai taldeak igandean Arizkunenean.

Folk Ametsetan zikloaren barrenean, Arizkunenean igandean 19:00etan hasita

Folk Ametsetan zikloaren barne, antzerkia, zinema, musika eta poesia uztartzen dituen Suakai taldearen Raíces lanaz gozatzeko aukera izanen dute azaroaren 3an Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. 19:00etan hasiko da emanaldia eta sarrera doan izanen da.

Raíces ikuskizunak hainbat arte uztartu ditu: musika, drama, narrazioa... Pertsonaia nagusiaren bitartez, venezuelar jatorria duen gazte bat, gizon baten istorioa kontatzen da. Nafarroan jaiotako gaztearen aitatxik, gudaren ondotik atzerrira joan behar izaten du sekula etxera itzultzeko aukerarik izan gabe. Urte batzuk beranduago, bere biloba Nafarroara itzultzen da, oinordetzan hartutako liburuxka zahar bati esker aitatxiren oroitzapenak aurkitu eta gogora ekartzeko.

Guzti hau musika tradizionalarekin eskutik hartuta eginen du, oraingoan, biolina, biolontxeloa, eskusoinua, txistua eta perkusioarekin era berri eta desberdin batetan interpretatuta. Zuzenean jotako musikarekin milimetrikoki sinkronizatuak dauden eszena eta proiekzio desberdinekin erabat bateratuta dauden fandangoak, balsak, mazurkak eta polkak.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun